Martxoaren 8a geroz eta gertuago dagoen honetan, hiri eta herrietan greba deialdiak hedatzen ari dira. AMAR Gasteizko kolektibo feminista antiarrazista ere grebari batu zaio, eta parte hartzera dei egin.
“Migratu eta aliatuak barrikadetara!” lemapean, grebarekin bat egin du emakume autoktono eta arrazializatuen AMAR kolektiboak. “AMAR emakume migratu eta aliatu gisa identifikatzen ditugun bertoko emakumeez osatutako kolektibo mistoa da. Arrazializatutako emakumeek jasaten dituzten zapalkuntzak eta tratu txarrak ikusarazi nahi ditugu, bertoko lagunekin sortutako aliantzaren bitartez. Horregatik M8ko grebarekin bat egingo dugu. Migratu eta Aliatu, kaleak hartu!”, adierazi dute.
Bost ardatzetan –pentsionistak, ikasleak, enplegua, kontsumoa eta zaintza– oinarrituko da greba, eta patriarkatuari, kapitalismoari, heteroarauari eta kapazitismoari bezalaxe, kolonialismoari ere planto egitea du xede. “Mundu kolonial batean bizi gara, desoreka baitago pertsonen eta lurraldeen arteko harremanen artean (…) Kapitalismoak kolonialismoa du aliatu nagusi. Arrazismoa ezartzen du hierarkia menperatzailearen oinarrian, gizatasunaren azpitik jartzen ditu arrazializatutako gorputzak, deshumanizatu egiten gaitu, eta eskubideez desjabetu. Horrek “markatzen” du zer bizitzek axola duten eta zeintzuk ez, eta esplotazio ekonomikoa antolatzen du”, dio grebara begira publiko egin duen dossierrean Euskal Herriko Mugimendu Feministak.