argia.eus
INPRIMATU
Gasteizko Alde Zaharreko bizilagunak hauteslekurik gabe utzi ditu PPk
  • Gasteizko Udalak maiatzeko Europako Hauteskundeetarako Alde Zaharreko bi hauteslekuak kenduko ditu: Luis Aranburu musika eskola eta Paulo Freire helduentzako heziketa zentroa ez dira bozka emateko irekiko.

Ane Lusarreta 2014ko apirilaren 24a
Gasteizko Udalak Europako Hauteskundeetarako mahaiak gutxitzeaz gain lau hautesleku kentzea erabaki du.

Ser irrati kateko Iker Armentiak ElDiario.es-en nabarmendu duenez PPk hauteskundeetako emaitza kaxkarrenak eskuratu ohi dituen egoitzak alde zaharrekoak dira. Gasteizko auzorik abertzaleenetarikoa dela ere azpimarratu du.

Europako Hauteskundeetan parte hartzea %50 ingurukoa izatea aurreikusten denez, Espainiako Gobernuak hauteskunde-mahai gutxiago egon daitezela eskatu du eta mahai bakoitzean 800 herritarrek bozkatu beharrean 1.200ek egin beharko dute.

Gasteizko Udalak lau hautesleku kentzea erabaki du: Errekaleor auzoan, Galtzabide auzoko Luis Dorao eskolan eta Alde Zaharreko bi egoitzatan ezingo da botorik eman.

Alkate ohia erabakiaren kontra

“Gasteizko historia demokratikoan auzo bati hautesleku guztiak kentzen zaizkion lehenengo aldia izango da”, adierazi du Patxi Lazcoz Gasteizko Udaleko PSEko bozeramaile eta hiriko alkate ohiak.

Boto emaile eta mahai ratio bera duten beste zenbait auzotan PPk ez duela halako neurririk hartu salatu du Lazcozek, eta “ez dela kontu teknikoa, politikoa baizik” esan du.

Javier Maroto PPko alkateak, berriz, “efizientzia arrazoiek” bultzatutako erabakia dela adierazi du.

Oposizioko alderdiek adierazi dutenez, “informazio kanpaina indartsua” egin ezean aldaketa horiek abstentzioa handitzea eragin dezakete.