Subilla Gasteizen ireki nahi duten gas putzua dela-eta kezka agertu du Fracking Ez plataformak

  • Fracking Ez plataformak kezka agertu du Euskadiko Hidrokarburoak (SHESA), Eusko Jaurlaritzaren menpeko sozietate publikoa, Armentia-2 izeneko gas putzu baterako baimena tramitatzen ari delako. Subilla Gasteizen dago putzu hori, azken urteetan SHESAk fracking teknika erabiltzeko asmoa izan duen leku berean.


2016ko urriaren 05an - 11:49
Inguru honetan zulatu nahi dute putzua.

“Oraingoan, enpresak dio teknika konbentzionalak erabiliko dituztela, alegia, frackingik ez”, adierazi dute plataformako ordezkariek Gasteizen emandako prentsaurrekoan. Azaldu dutenez, SHESAk ekainean aurkeztu zuen proiektuaren ingurumen-memoria Espainiako Nekazaritza eta Ingurumen Ministerioan.

“Proiektuaren berritasun bakarra ‘fracking’ hitza desagertzea da”, nabarmendu dute Estitxu Villamor eta Luis Casado plataformako kideek, eta azken bost urteotan teknika horren aurka egindako borrokaren fruitutzat jo dute hori: “Borroka horren ondorioz ez SHESAk ez Jaurlaritzak ez inork ez dute frackinga erabili gure lurraldean. Teknika horri emandako arbuio zabal eta erabatekoak Jaurlaritza behartu du bere planak albo batera utzi eta fracking hitza bere hiztegitik kentzera”.

Hala ere, hainbat zalantza agertu dute SHESA tramitatzen ari den baimen berria dela eta. Batetik, Fracking Ez-en ustez ez da sinesgarria hidrokarburoak erauzteko teknika konbentzionalek funtziona dezaketenik, “duela hogei urte porrot egin bazuten”. Plataformako kideek azpimarratu dute hamar urtez frackinga erabiltzera bideratutako lanak egin dituela SHESAk Subillako inguruan, teknika arrunten bidez lortu ez zena frackinga erabilita lortuko zela esanez. “Zenbat diru gastatu dute fracking bideko putzuak planifikatzen, gasa eskuratzeko alternatiba konbentzional bat baldin bazegoen?”, galdetu dute.   

Bestetik, gogoratu dute zulatu nahi den putzurako ingurumen-memorian SHESAk dioela frackinga teknika arrakastatsua dela baina EAEn gaur-gaurkoz aplika ezin daitekeena. Ildo beretik mintzatu zen Arantza Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta lehiakortasun sailburua, 2030ra arteko energia-estrategia aurkeztu zuenean. Frackingak oraingoz ez duela ingurumen aldetik segurtasunik nahikorik esan zuen Tapiak.

“Frackinga erabat baztertu dute arriskutsua izateagatik, edo putzu konbentzional hau irekitzea lehen urratsa da geroago, erantzun soziala apalagoa denean, frackinga erabiltzen hasteko?”, galdetu dute Villamorrek eta Casadok.           

Energi eredu osoa ezbaian

Nolanahi den ere, frackinga geldiarazteko bost urteko borrokaren ostean eztabaida harago joan da plataformaren ustez: “Jendartea energi eredu osoaz eztabaidatzen ari da dagoeneko”. Hala, zilegitasun sozialik gabekotzat jo dute diru publikoa inbertitzea, frackinga sustatzeko ez ezik, erregai fosilak eskuratzeko edozein proiektu berri abiatzeko, bestek beste klima aldaketan duten eraginagatik.

“Zulatzaileen hiztegitik ‘fracking’ hitza desagertuta, baliteke Fracking Ez plataforma ez izatea Subillako proiektu berri honen aurkako oposizioa dinamizatuko duen tresna”, esan dute azkenik. Iragarri dutenez, datozen egunotan plataforma harremanean jarriko da urteotan frackingaren aurkako borrokan jardun duten hainbat eragilerekin, SHESAren egitasmo berriei aurre egiteko mugimendu berri bat antolatze aldera. Besteak beste, “planetaren mugak aintzat hartuko duten energi eredu baten alde lan egitera bultzatu nahi ditugu erakunde publikoak”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hidrokarburoak
Repsolek 2.500 milioi euro baino gehiago irabazi du, aurreko urtean irabazitakoaren bikoitza

Krisi energetiko betean, Repsolek 2.539 milioi euro irabazi du lehen seihilekoan. Aurreko urtean, epe berdinean, 1.235 milioi euro irabazi zituen, aurten irabazitakoaren erdia baino gutxiago. Hidrokarburoen prezioaren igoerak bultzatu du besteak beste irabazien puztea.


Armentia-2 putzuaren amaiera ospatu eta trantsizio energetikoaren alde mobilizatzera deitu du Berriztu!-k

EAJk eta PSEk Araban azken unera arte proiektua babestu dutela salatu du mugimenduak, eta Madrilen onartutako legeak behartu dituela atzera egitera, baina bestelako “proiektu suntsitzaileak” bultzatzen jarraitzen dutela bi alderdiek. Arabako jendartea lorpenagatik... [+]


Mikel Otero
"EAJk ez du astirik lurrazpiko gasaren esplotazioa garaiz hasteko"

Mikel Otero Gabirondo Arabako EH Bilduko legebiltzarkide da 2016. urtetik, eta koalizioaren Ingurumen eta Energia idazkaria. Politika energetikoari dagozkion gaiak hurbiletik jarraitzen ditu, eta horien artean dago Arabako Sunbillako Armentia-2 putzuarena, Gasteizko Udalerrian... [+]


2020-11-18 | ARGIA
Dieselari zergarik ez igotzea eskatu du EAJk Espainiako aurrekontuak onartzearen truke

EAJk 85 zuzenketa jarri dizkio Espainiako Gobernuak aurkeztutako aurrekontuei eta dieselaren zergaren gaia jarri du erdigunean, PSOE-UP koalizio-gobernuak jeltzaleen babesa jasotzeko.


2020-08-18 | Mikel Eizagirre
AEBetako Gobernuak Artikoko erreserba naturala petrolio ustiapenera bideratuko du

Alaskako Artikoko Baso Bizitzaren Babesleku Nazionala petrolio-ustiapenarentzat irekitzeko plan bat onartu du, eta litekeena da urtea amaitu baino lehen kontzesioak esleitzea. Neurri horrek ingurumen taldeen gaitzespena eragin du, eskualdeko biztanleria indigena, animaliak eta... [+]


Eguneraketa berriak daude