argia.eus
INPRIMATU
Gasteizen egin den nazioarteko txakur txapelketan Israelek parte hartu duela salatu dute
  • Sharon Ronen israeldarrak FCI-IGP 33. munduko txakur txapelketan parte hartu duela jakinarazi du Palestinarekin Elkartasuna eragileak. Gasteizko Udalari “sionismoaren konplize” izatea leporatu dio.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2025eko irailaren 22a
Txapelketaren aurkezpena Gasteiz Plaza Berrian Gasteizko Udala

Irailaren 15 eta 21 artean egin da txapelketa. Antolatzaileei Ronen israeldarra aritu izana “ezkutatzea” leporatu die Palestinarekin Elkartasunak. “Orain arte prentsan ez da agertu Israelen partehartzea, eta FCI-IGPren sareetan ere ez da agerian azaltzen”. Baina Ronen lehiaketaren rankinaren zerrendan agertzen da (parte hartzaileen herritartasuna ez da zehazten bertan), eta bere sare sozialetan txapelketan parte hartu duela argitaratu du, eragileak jakinarazi duenez.

Txapelketa nazioarteko FCI eta Espainiako Real Sociedad Canina elkarteek antolatu dute, baina babesleen artean daude Gasteizko Udala, Arabako Aldundia eta Eusko Jaurlaritzako Turismo Saila, txapelketaren webgunean ikusi daitekeenez. “Gasteizko Udala sionismoaren konplize da. Nazioarteko ekimenak antolatzeak irabaziak ematen dizkie, eta hori mantentzeko ez zaie axola estatu genozida baten ordezkariei parte hartzen uztea”, adierazi du Palestinarekin Elkartasunak.

Eragilearen ustetan, “La Vuelta-n egon den herri mobilizazioak diskurtsoa aldatzera behartu ditu ezkerreko alderdiak”, baina diskurtsoa ez da zintzoa. “Txapelketa honek erakusten du alderdikeria hutsa dela, borroka elektoralista, itxurakeria”. Azkenik, salatu dute txapelketan parte hartzen duten txakurrak “mundu osoko segurtasun indarrek baliatzen dituztela, eta Israelgo Defentsa Indarrek palestinarrak jazartzeko, erasotzeko eta torturatzeko erabili ohi dituztela”. Gazarako Mugimendu Globala Euskal Herria ekimenak ere bat egin du salaketarekin, eta Gasteizko Udalari leporatu dio genozidioa “zuritzea eta ezkutatzea”.

Urriaren 4an Iruñean Palestinaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu du Palestinarekin Elkartasunak.