Duela aste batzuk, Diputazio kalean, Gasteizko erdigunean, bi gizonek etxerik gabeko pertsona bat bota zuten lo egiten zuen lokalaren kanpoaldeko eskailera-buru txikitik. Bota ez ezik, berehala metalezko baranda bat ere jarri zuten lonjaren aurrean. Lokala luzaroan hutsik egon den arren, bitxia da jarritako hesia torlojuz lotu izana eta honela, lokalaren sarrera eragozten duela. Beraz, pentsatzekoa da, instalazio horren helburu bakarra kalean bizi zen pertsona hori gasteiztar negur gogorretik babesteen zuen leku hartatik botatzea zela.
“Arkitektura oldarkorraren” adibiderik argienaren aurrean gaude; hiri-diseinuaren joera horren helburua etxerik gabeko pertsonentzako hiri-ingurunea kontrolatzea, mugatzea edo baztertzea da. Ziur aski, kontzeptua ez zaizue oso ezaguna izango, hala ere, honakoa hiri handietan nahiko ohikoa da.
Gauzak horrela, pentsa genezake honakoa gertakari isolatua dela, eta Gasteizen ez dagoela indarkeria-mota hori jasaten duen pertsona askorik, gehienak aterpetxeetan eta hiriko zentroetan artatzen dituztelako. Baina, egia esan, azken urteotan gure hirian kale-egoeran dauden pertsona kopurua ugaritu egin da, arreta emateko baliabideak, bai Udalarenak bai Aldundiarenak, erabat eskasak dira, eta ez dira handitu muturreko pobreziaren eta gizarte-bazterketa larriaren hazkundearen aurrean.
Gaur egun, 200 pertsona inguruk egiten dute lo Gasteizko kalean, eta gaua bero zein arriskurik gabe igaro ahal izateko zentroetara sartzeko itxaron-zerrendak gainezka daude; are eta gehiago, horien gaitasunaren bikoitza suposatzen dute.
200 pertsona inguruk egiten dute lo Gasteizko kalean, eta gaua bero zein arriskurik gabe igaro ahal izateko zentroetara sartzeko itxaron-zerrendak gainezka daude; are eta gehiago, horien gaitasunaren bikoitza suposatzen dute.
Paradoxikoa da artikulu hau idaztera garamatzan gertakaria Arabako Foru Aldunditik 150 metrotara eta Gasteizko Udaletik 300 metro ingurura gertatu izana. Bi erakundeek behin eta berriz errepikatu dute auzokide horiek artatzeko erantzukizuna hartu behar dela, hala eta guztiz ere, ez dute ezer egin. Dirudienez, gogaikarria iruditzen zaien bakarra, haien erantzukizun zein gizatasun ezagatik kalean bizi denarekin topo egitea da.
Gaur egungo egoerari aurre egiteko ekimenak hain dira bitxiak, non, gizarteko pertsona ahulenei arreta emateko beharrezkoak diren zentro guztiak martxan jarri beharrean, ate irekien jardunaldi batzuk aktibatzen dituzten termometroak zero azpitik markatzen duenean. Hori gutxi balitz, ez dituzte artatzen eskakizuna egiten duten pertsona guztiak. Aitzitik, 40 ohe inguru jartzen dituzte gizarte-langileen eskura, eskatzaileetako batzuk artatzen dituzte hiru egunez, eta hurrengorako itxaron-zerrendarekin jarraitzen dute. Horrela, hiru egunetik behin erabiltzaileak aldatzen dira, benetako zentzugabekeria, zeinaren bidez politikariek datuak ez ezik haien kontzientziak ere makilatzen dituzten.
Gasteizko Gasteizko Etxebizitza Eskubidearen Aldeko eta Gizarte Bazterkeriaren Kontrako Ekimenean argi daukagu premiazkoa dela etxerik gabeko pertsonei arreta emateko behar adina baliabide martxan jartzea. Erantzukizuna Gorka Urtaranena eta Lucho Royerorena da, eta argi dugu haien eztabaida inozo eta faltsuak ordezkatzen duten alderdi politikoaren (EAJ) eta agintean daudenekin (PSE-EE-EAJ) partekatzen duten estrategiaren parte direla.
Horregatik, kanpaina bat hasiko dugu, eta argi eta garbi adieraziko diegu egoera horren arduradun politikoei, beren pribilegioek ikusmena lausotu dieten horiei, egungo egoeraren premia ikusarazi arte borrokan jarraituko dugula.
Honekin guztiarekin, apirilaren 7an Udaleko Gizarte Politiken Batzordean izango gara, egungo egoera salatzeko asmotan, eta horrez gain, 11etan elkarretaratzea egingo dugu Plaza Berrian.
Gasteizen eskaleak ez daude soberan, aitzakiak dira soberan daudenak.