Javier Maroto alkateak Gasteizko autobus geltoki berriari Adolfo Suarez izena jartzea erabaki izana kritikatu dute martxoaren 3ko biktimek: “Adolfo Suarezek ez du omenaldirik merezi Gasteizen”.
1976ko martxoaren 3an Poliziak hildakoen senideek euren webgunean oharra argitaratu dute Udalaren erabakiari kontra egiteko. Autobus geltokiari Gasteizko langileria sarraskitu zuen gobernuaren arduradunaren izena jartzea “probokazio hutsa” dela salatu du elkarteak.
Elkarteak gogora ekarri du Gasteizko sarraskia gertatu zenean Suarezek Espainiako Gobernuan zeukan ardura. Nabarmendu dute, langileak tirokatu zituztenean Suarez zela polizien ekintzen arduraduna, orduko Gobernazio ministroa, Manuel Fraga, kanpoan izanik, berari eman baitzioten behin behineko ardura.
"Iruzurra da martxoaren 3ko biktimen omenaldien alde egitea eta, ondoren, biktima horiek eragin zituen diktadura kriminalaren arduradunak goratzea", adierazi du elkarteak, Marotoren erabakia gaitzetsiz.