argia.eus
INPRIMATU
Gasteiz, hizkuntza gutxituen topagunea
  • Abian da HIGA Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen Topaketaren IV. edizioa. Ostiralera bitartean, 75 lagunek 65 hizkuntza eta beren esperientziak partekatuko dituzte Gasteizen.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2023ko uztailaren 18a

Uztailaren 17tik 21era bitartean, astelehenetik ostiralera, HIGA topaketen laugarren edizioa egingo dute Gasteizko Montehermoso Kulturunean. Aurten mundu osoko txoko ugaritatik iritsitako 75 pertsona elkartuko dira jardunaldietan, gutxitutako 65 hizkuntza komunitate ordezkatuz.

Hizkuntza gutxituen biziberritzea ardatz hartuta, Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen Topaketa da HIGA, eta astelehen honetan eman diote hasiera, 16:00etan. Bertan izan dira Maria Nanclares Euskara zinegotzi berria eta, besteak beste, Lexuri Ugarte Aldundiko Euskara zuzendaria, Sagrario Aleman Euskaltzaindiako hizkuntzaren batzorde tutelarreko presidentea, Louis Albert Becker YEN/JEVko Gutxiengoen Eskubideen eta Politikaren koordinatzaile eta Rise-up-eko ordezkaria, eta Beñat Garaio HIGAko koordinatzailea.

Lehen edizioa 2011n antolatu zuten, nazioarteko komunitate ugariren artean lanerako sarea sortzeko helburuarekin. Gainera, parte-hartzaileek hizkuntzak biziberritzeko prozesuen zein hizkuntzalaritza arloko aktibismoaren esparruan trebatzeko aukera dute, haien errealitatea partekatuz eta gainerakoena ezagutuz.

"Ondo dakigu gazteek osatzen dutela hizkuntza gutxituen biziberritzea ahalbidetuko duen talde sozial garrantzitsuenetako bat", aldarrikatu du Nanclaresek, Gazte Planean zein Euskara Sustatzeko Planaren bitartez Gasteizko Udalak egitasmoa antolatzen eta bultzatzen duela azpimarratuz.

Halaber, nazioarteko proiektu hau EHUren udako ikastaroetako prestakuntza programan jasota dago, eta aurten, berrikuntza gisa, HIGA Plaza izeneko film labur interaktiboak sortuko dituzte. Horrez gain, UNESCOk HIGA aukeratu du aurten Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Hamarkadarekin lotutako egitarauaren barruko ekitaldi ofizial gisa.

Bost egun esperientziak elkarbanatzeko

Jardunaldietan askotariko gaiak jorratuko dituzte: besteak beste, hizkuntzalaritza arloko aktibismoa, intersekzionalitatea, hizkuntza arloko biziberritzeak beste aldarrikapen batzuekin izan ditzakeen puntu bateragarriak, teknologia berriak...

Goizeko saioetan, hitzaldiak eta mahai-inguruak izango dira nagusi. Bazkalondoan, berriz, komunitateen artean lankidetza eta ekintzailetza sustatzera bideratutako tailerrak egingo dituzte. Eta arratsaldetan, elkarren arteko harremanetarako eta ezagutzarako sareak sortu ahal izateko aisialdiko jarduerak antolatuko dira, giro informalago batean: kontzertuak, proiekzioak, irteera kulturalak...

Udalaz gain, HIGAk beste erakunde batzuen laguntza jaso du ere: Eusko Jaurlaritza; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundia; Vital Fundazioa; Badalab; Euskaltzaindia; Garabide; EHU; HPS; Soziolinguistika Klusterra; eta Unesko Katedra.