"Ezinegona eta kezka larria" adierazi eta Gasteizko Udalari neurriak har ditzala eskatu diote euskalgintzako eragileek.
Gasteizko Antzokiak etengabeko atzerapenak izan ditu, eta ez dute iragarri irekiera oraindik. Gasteizko euskalgintzako hamairu eragilek kezka adierazi dute. Gasteizko Udalari Izaskun Arrue Kulturgunea izango dena ireki ahal izateko behar beste neurri har ditzala eskatu diote.
Espazioa kudeatzeko ardura izango duen Lazarraga Kultur Elkarteak eskaera zuzena egin zion irailean PSEk eta EAJk osatutako udal gobernuari. Hilabeteak pasa ahala, egoerak ez du aurrerapauso nabarmenik izan.
“2022ko uztailean Oihaneder Euskararen Etxea itxi zenetik, gasteiztarrok kulturgune euskaltzalerik gabe gaude. Bertan antolatzen ziren ehunka jarduerez gozatu ezinda, eta gure egitasmo ezberdinak aurrera eramateko erreferentziazko lekurik gabe”, adierazi dute oharrean. Atzerapena ikusita zalantzak dituzte eragileek ea "Udal Gobernuarentzat lehentasunezko gaia ote den". Proiektuak behar dituen bermeak mahai gainean jar ditzala eskatzearekin batera, antzokia "lehenbailehen zabalik izatea" nahi dutela jakinarazi dute.
Geu, Alea, Bai Euskarari, UEU, Euskaltzaleen Topagunea, Bertsola elkartea, AEK, IKA, Hegoalde, Udaberria, Sarburu, Judimendiko euskara batzordea eta ZET dira eskaeraren sinatzaileak.