1976koak gogoan, gazteek elkarlanerako deia egin dute Gasteizen

  • 1976ko martxoaren 3an, greba orokor baten testuinguruan, langile talde handi bat Gasteizko Zaramaga auzoko elizan bildu zen. Asanblada hori indarrez zapaldu zuen poliziak: bost langile hil zituzten tirokatuta, eta ehundaka zauritu. Pasa den igandean, urtero legez, gertatutakoak oroitu zituzten herritarrek. Aldi berean, hainbat gazte eliza horretara sartu eta bertan astebete emateko asmoa zutela iragarri zuten. "Langileek duela 37 urte hasi zuten borroka aurrera doala erakutsi nahi dugu", azaldu digute gazte horiek.


2013ko martxoaren 06an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Gizarte eragile ugarik egin dute bat gazteek hasitako mugimenduarekin. (Argazkia: Gazte Iraultza)

Data eta toki sinbolikoak aukeratu dituzue.

Bai, hori baliatu nahi genuen. Alde batetik, orain dela 37 urte eman ziren borrokekin alderatzeko, egoerak antzekotasun handiak dauzkalako, salbuespenak salbuespen. Nahiko egoera latza ari gara bizitzen, eta ikusten dugu hau jasanezina dela. Bestetik, langile horiei omenaldirik onena eskaini nahi genien, duela 37 urte hasi zuten borroka aurrera doala erakusteko.

1976ko martxoaren 3aren omenaldi soil gisa ikus daiteke.

Azken finean, ekintza honen helburua orain dela 37 urte mahai gainean zeuden balore horiek sustatzea da: laguntasuna, elkartasuna, justizia soziala eta abar. Ez da bakarrik krisia, ez da bakarrik langabezia, arazoa sistema osoan dago, eta guztien artean hitz egin eta eztabaidatu beharko dugu zer norabide hartu eta nola alda dezakegun erabakitzeko.

Nondik dator mugimendu hau?

Orain dela urtebete baino gehiago, Gasteizen, hainbat esparrutan ari ginen ideologia ezberdinetako gazteak batzen hasi ginen. Gehienbat elkarlanean aritzera begira, ikusten genuelako askotan begiratzen geniola gehiago banatzen gintuzten gauzei batzen gaituzten gauzei baino. Elkarlanaren lehenengo adibideetariko bat izan zen orain dela urtebeteko martxoaren 3an PPko egoitzaren aurrean eta gobernu subdelegaritzaren aurrean burutu genuen eserialdia. Hortik aurrera, mugimendua indarrak batzen joan da.  Manifestaldietara atxikitzeko moduan bloke izaera horrek indar handia eman digu, geroz eta jende gehiago hurbildu da guregana. Ilusioa ere piztu dugu Gasteizko gazteen artean. Urtebeteko lanaren fruitua izan daiteke hau.

Zein da fruitu hori, nola irudikatu dezakegu horren atzean dagoena?

Hau ez da kolektiboa, mugimendu bat baizik. Norbanakoek osatzen dugu mugimendu hau, ideologia ezberdinak biltzen dituena: anarkistak, komunistak, sozialistak, independentistak, independentistak ez direnak… denetarik. Eta horrek aberasten du mugimendua. Ikusten dugu elkar ezagutzen hasi garela, hasierako errezeloak gainditzen ari direla. Hori oso positiboa da.

Nolakoa izan da harremana apaizarekin?

Apaizak hasieran 20 minutu eman zizkigun hemen egoteko. Guk esan genion 20 minutu ez zirela aski, asanbladan erabaki behar genuela, eta asanbladak erabaki zuen hemen geratzea. Hori komunikatu genion apaizari, eta hortik aurrera harremana hobetzen joan da. Bera astelehen goizean etorri zen eta esan zigun ez ziola Ertzaintzari abisatuko. Baimena ez, baina  onespena bageneukala hemen egoteko. Guk gainera konpromisoa hartu genuen hemen egingo diren elizkizunak, eginez gero, errespetatzeko. Atzo goizean ere etorri zen eta berarekin hitz egin genuen.

ASANBLADA IREKIA

Egunero asanblada irekia dago deituta, arratsaldeko 20:00etan. Elizatik kanpo ere ari dira gauzak antolatzen. Astelehenean, esaterako, bi asanblada burutu zituzten unibertsitatean. “Gure asmoa hemen egiten ari garen lan teorikoa kaleratzea da”, diote gazteek. Hori guztia koordinatzeko hainbat lan talde eratu dira, Astindu gunea (pankartak jarri, ekimenak antolatu, informazioa banatu eta abarretarako) eta Komunikazio saila, besteren artean.

Astelehenean hiriko gizarte eragile batzuekin bildu ziren: sindikatuekin, enpresa komite batzuekin eta Kaleratzeak Stop Araba, Bilgune feminista eta Askapena bezalako taldeekin. “Batasunerako grina gizarteratu behar dela esan genien", azaldi digute gazteek. "Askotan hitz egiten da batera aritu beharraz, sindikatuek adibidez, baina sasi-batasun hori ez da benetakoa. Azken finean, siglen konfluentzia ez da benetako gizarte-konfluentzia, eta hori ikusita, jakinarazi genien harremanetarako beste marku bat behar genuela: asanblada".

Diotenez, erakunde publikoekin ez dute harreman handirik izan: "Ez da gure esparrua. Instituzioak hein batean ez daude herriaren mesedetara, egon beharko luketen arren. Gu herri bezala antolatzera goaz, eta gutxieneko batzuk mahai gainean jartzera".

Bestalde, M15 mugimenduarekin antzekotasunik ez dutela diote: "Hasteko, uste dugu M15 bezalako mugimenduek ez dutela sistema errotik aldatu nahi, beraien helburua ez delako hori. Haien helburua ikusten dugu erreformista dela, erreforma baten bila doazela. Eta gure helburua ez da hori, gure helburua da sistema salatzea. Krisi hau ez da bihar murrizketa batzuekin konponduko. Sistema bera dago krisian, eta herriak, eta batez ere gazteok, aldaketa behar dugu, sistema honetatik atera eta beste bat antolatzen hastea.

"Apustua egin dugu", bukatu dute gazteek: "Beste eragileekin elkartzeko grina agertu dugu, eta hori da guk herriari eskaintzen diogun tresna. Gero herriak hartu beharko du lekuko hori, eta guk herriarekin batera lantzen jarraitu beharko dugu. Gazte bezala pairatzen ari garen eskubideen murrizketei, prekarizazioari, etxebizitza eskuratzeko ezintasunari eta gainerako arazoei erantzun behar diegu”.

Itxialdiaren unean-uneko jarraipena: GazteIraultza.info


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gazte mugimendua
Zestoako gaztetxea husteko agindua eman du epaileak

Eraikinetik ateratzeko agindua eman diete Zestoako Gazte Asanbladako kideei, eta prozesuaren gastuak ordaintzera zigortu dituzte. Gaztetxearen defentsan mobilizatzera deitu dute igandean, otsailak 4, Zestoako plazatik.

 


Bi gazte epaitu dituzte asteazkenean Zestoako gaztetxearen okupazioagatik

Zestoako Elizondo eraikina gaztetxe berri gisa okupatu zuen Gazte Asanbladak. Eraikina Elizaren jabetzakoa da, eta gotzaindegiak gaztetxearen aurkako prozedura abian du. Protesta ekintzak nagusitu dira azken asteetan, igandean Zestoako elizan, esaterako. Zestoako Udalak adierazi... [+]


2024-01-23 | Gedar
Zestoako Gaztetxearekin elkartasunez, Eliza seinalatzen jarraitzen dute

Zestoako Gaztetxearen kontrako prozedura judiziala mantentzen du Elizak: asteazken honetan izango da epaiketa. Aurreko ostiralean, Gaztetxearen aldeko elkarretaratze bat izan zen Donostiako Artzain Ona katedralean.


Zarauzko gaztetxean lapurreta egin dutela salatu dute

Kontzertuetarako materiala eta baliozko tresnak eraman dituzte.


Eguneraketa berriak daude