argia.eus
INPRIMATU
Gaskoia, euskaldunen oihartzun isildua
  • Apenas erreparatzen diogu edo, besterik gabe, ez dakigu hor dagoenik ere. Hego Euskal Herrian XX. mende hasieran itzali zen betirako, eta antzeko patua paira dezake Ipar Euskal Herrian. Neurri sendoak hartzen ez badira, gaskoia azkenetan egon liteke.

    Okzitanian, joan den maiatzaren 23 eta 24an, La Passem Korrikaren tankera duen ekintza egin zuten Tolosa ekialdean. La Passem bi urtean behin egiten dute eta 2026an egingo dute hurrengoa. 2025ekoa ohiko edizioaren bertsio xumeago bat izan da, 230 kilometrokoa.

Mara Altuna Díaz 2025eko maiatzaren 26a
Maiatzaren 23 eta 24an La Passem-en bertsio laburra egin dute Tolosako ekialdean. Christophe Ramond.

Adishatz!, (egun on!); Com vas?, (zer moduz?)… Bere Instagram kontutik Bruno Muret munduaren arreta bereganatu nahian dabil. 44 urteko lapurtar honek arrisku bizian dagoen hizkuntza bat berpiztea du bizitza erronketako bat. Ez da lan erraza, are gutxiago bertako askok haren berri ere ez dutela. Gaskoia Euskal Herriko hizkuntza ote? Gurean ere, nekez asmatuko lukete askok.

Ipar Euskal Herrian ez ezik, gaskoia Landak eta Biarno eskualdeetan entzun daiteke egun, baita Kataluniako Aran bailaran ere. XX. mende hasieran bizirik zegoen Donostian eta Gipuzkoako kostaldeko hainbat herritan, baina berehala itzali zen.

“Nire amatxi biak gaskoi hiztunak nituen, baina ez zidaten irakatsi. Nire kabuz ikasi behar izan nuen, eta hura hauspotzen saiatzen naiz egun”, dio Muretek Zokoa auzoko (Ziburu-Urruña) bere etxean. Bertan hartu gaitu hizkuntzaren aldeko aktibista sutsuak, ehunka liburuk zamatutako apalen babespean. Mureten honainoko ibilbidea, alabaina, bilakaera aldapatsu baten kontakizuna da. “Txikitan bost axola zitzaidan hau dena. Frantzia osoan aski ezaguna eta barneratuta dugu patois hitza: sasi-hizkuntza, kalitate txarreko mintzaira… Handia izan da oso frantsesa ez den hizkuntzekiko mespretxua”, damu da Muret.

Gaztetan euskara ikasten hasi zen, baina gero ohartu zen gaskoia zela bere familiaren jatorrizko hizkuntza. “Nire amatxi hiltzean baino ez nintzen jabetu gure hizkuntza ere hiltzear zegoela. Orduan piztu zitzaidan ikasteko gogoa”, gogoratu du zokoarrak.

Bruno Muret, ekintzailea: "Nire amatxi hiltzean baino ez nintzen jabetu gure hizkuntza ere hiltzear zegoela. Orduan piztu zitzaidan ikasteko gogoa"

Matematikako irakaslea da ogibidez, eta hainbeste maite duen itsasotik metro eskasera bizi da. Surfa du harekin bat egiteko tresna, baina Kantaurirekin duen lotura askoz harago doa. “Gaskoia ikasteko garaian kostaldeko dialektoa hautatu nahi nuen, Landetakoa, baina informazio anitz nuen faltan. Honela, nik neuk sortu nuen ‘gaskoi beltza’ edota ‘itsasoko gaskoia’ deituriko aldaeraren gida gramatikala”, azaldu du Muretek, inguruko apaletatik ale bat eskuratu ostean.

Antza, Baionako aldaera ezagutarazten duten liburu eta dokumentu ugari dago; ez, ordea, Brunok ikertutakoa. Bere liburuak Memento Grammatical de Gascon Maritime du izena, eta ez da idatzi duen bakarra.

Hizkuntza ikasteko bidea maldatsua izateaz gain, hitz egite hutsa ez da erraza izan lapurtar honentzat: “Ez daukat egunerokotasunean erabiltzeko aukerarik, baina hiztun komunitatea egon badago, distantzian bada ere. Sare sozialetan ezagututako jendearekin hitz egiten dut nagusiki”, diosku eskuan duen mugikorra erakusteko keinua eginda.

Bruno Muret gaskoiaren aldeko ekintzailea. M. A.

Errege-erreginak eta mosketariak

Arrantzale eta artzainen hizkuntza ez ezik, errege-erreginena ere izan da gaskoia, Frantziako Henrike IV.a nahiz Rikardo I.a Ingalaterrakoa Lehoibihotza ezizenez ezaguna kasu. Azken hori Oxforden jaioa bazen ere, trobadoreentzako poesia idatzi zuen hizkuntza honetan, Leonor Akitaniakoa Frantziako eta Ingalaterrako erreginaren semea baitzen Rikardo I.a.

Jakina da Alexandre Dumasen D’Artagnan eta hiru mosketariak ere gaskoi hiztunak zirela. Dena den, frantsesaren inposaketa etsai erraldoi eta gaindiezina bilakatu zen herrialdeko hizkuntza ororentzat. Honela, gaskoiaren gainbehera geldiezina izan da azken bost mendeetan.

Egun 250.000 hiztun direla kalkulatzen da, baina ez dago datu zehatzik. UNESCOren Munduko Hizkuntza Mehatxatuen Atlasean, “Galtzeko arriskuan dagoen hizkuntza” etiketapean agertzen da

Egun 250.000 hiztun direla kalkulatzen da, baina ez dago datu zehatzik. UNESCOren Munduko Hizkuntza Mehatxatuen Atlasean, “Galtzeko arriskuan dagoen hizkuntza” etiketapean agertzen da. Haurrek apenas dute ama-hizkuntza, belaunaldien arteko transmisioan eten bortitza dago-eta. Hizkuntza hauspotu nahi duten hainbat eragile sortu dira, baina oraindik ikustear dago haien ahaleginek espero den fruitua emango duten.

Academia Gascona de Baiona-Adur (Baiona-Aturri Gaskoi Akademia euskaraz) dugu aitzindarietako bat. 1926an sortu zuten Baionako kultura eta politikako 40 pertsona ezagunek. Hizkuntza babestea eta indartzea helburu nagusi duela, hamaika ikastaro, itzulpen eta argitalpen egin ditu egundaino.

Zokoan ikusi bezala, Baionan ere hiru hizkuntzatan (frantsesez, euskaraz eta gaskoiaz) ageri dira kaleko seinaleak eta beste hainbat argibide. Nolanahi, gaskoi hitza erabat arrotz zaien hiritarrekin topo egin daiteke, eta gauza bera gertatzen da administrazioko bulegoetara joz gero.

Hiriko kale galdu baten amaieran aurkitu dugu akademiaren egoitza, ezkutatuta, hizkuntza bezain baztertua dirudien eraikin txiki batean. Huraxe da, baina, euskal erromantzeak duen babestokietako bat. Baina ez da bakarra.

 Christophe Ramond.

Vasconiatik Gaskoiniara

“Observatòri de las Culturas Gasconas elkartean ahal dugun guztia egiten dugu: argitalpenak, ikastaroak, albisteak... Tamalez, gure baliabide ekonomikoak oso urriak dira; nahiko behartsuak gara!”, aitortu digu gaskoi kulturen behatokiko kide Halip Lartigak, telefono bidez egindako elkarrizketan. 60 urteko Geografia eta Historia irakaslea Bizkarrotzen (Biscarròssa, gaskoiez) bizi da. Dioenez, beti hitz egin du gaskoiez 30 urteko alabarekin, baina hura ezin izan da mintzatu bere adineko beste inorekin eskolan.

Apaldu baino, hizkuntza isolamenduak piztu egin du Lartigaren lan egiteko grina. Oso txalotua izan da aditu honen identitateari buruzko ikerketa. 2010ean, Gasconha, Lenga e Identitat (Gaskoinia, hizkuntza eta nortasuna) izenburuko lana argitaratu zuen. Garonatik Ebrorainoko eremu kulturalari erreparatzen dio adituak. “Lehenik eta behin, erromatar garaiko Akitania-Novempopulania eskualdea dugu. Horren lekuko dira, besteak beste, bertan aurkitutako Hazparneko harria, toponimia edota hainbat idatzitako aztarna. Geroago, Baskoniako dukerriaren garaian, iparraldeko euskal lurralde guztiak dukerri horren baitan zeuden”, azpimarratu du Lartigak. Toponimo nagusiak berak ere, “pista gardena” ematen duela dio: “Vasconia hitzetik hartu zuten euren Gaskoinia".

Historia aztertzeaz gain, adituak gaskoia eta honek euskararekin dituen loturak ikertu ditu. Zera azpimarratu du: latinetik sortu diren hizkuntzen artean, gaskoia da euskaldunon erromantzea. “Akitaniako herriek hitz egiten zuten latinean du jatorria, baina nabarmena da, oso, euskal-akitaniar substratuaren eragina. Azken honek bereizten du gaskoia beste okzitaniera aldaeretatik (katalana eta okzitaniera). Hizkuntza erromantzea bada ere, gaskoiak euskara zaharraren aztarnak gorde ditu eta euskaldunen oihartzuna darama izenean”, gaineratu du Lartigak.

Kike Amonarriz: “XX. mendera arte, Donostiako udal artxiboetan gaskoiez idatzitako dokumentuak euskarazkoak baino gehiago ziren. Euskal Herriko hizkuntza bada ere, ez gara horretaz jabetzen"

“Denok ala inor ez”

Euskal Herrian komunikatzaile aski ezaguna izateaz gain, Kike Amonarriz euskal filologoa eta soziolinguista ere bada. Ez da harritzekoa, beraz, 63 urteko tolosarrak gaskoiari arreta bizia eskaini izana. Kezka ere ageri du: “XX. mendera arte, Donostiako udal artxiboetan gaskoiez idatzitako dokumentuak euskarazkoak baino gehiago ziren. Euskal Herriko hizkuntza bada ere, ez gara horretaz jabetzen. Bere galera, komunitate baten galera da, baita Euskal Herriko historiaren zati garrantzitsu baten galera ere”, diosku Amonarrizek, Tolosa erdiguneko kafetegi txiki baten terrazan. Gipuzkoako hiriburuan, besteak beste, Urgull, Ulia, Morlans eta Miramon toponimoek gaskoien presentzia gogoratzen dute. Bertan, XX. mende hasieran, Trecet, Arzac edo Marquet abizenak zituzten hiritarrak elkartzen ziren hizkuntza bizirik mantendu ahal izateko, tertulia xume baten bidez bazen ere.

Hizkuntzaren gainbeherari so, Amonarrizek Frantziako zentralismoa jarri du mahai gainean. “Batetik, gaskoia eta okzitaniera hizkuntza bera ote den eztabaida dago. Esango nuke valentziera eta katalanaren arteko banaketa berdina ari dela bultzatzen Paris”, dio tolosarrak. Hizkuntzaren aldeko mugimenduaren barneko arazoak ere azpimarratu ditu; hizkuntza estandarizatzeko joera “garbizalegiak” edota mugimenduaren ahultasuna, besteak beste.

“Gutxitutako hizkuntzen inguruan mugitzen garenok argi izan behar dugu: edo denok salbatzen gara, edo denok egingo dugu atzera. Hein batean, euskararen alde egiteak okzitanieraren alde egitea ere izan beharko luke. Gure eremuan soilik lan egitea baino, aldarrikapena zabaldu daiteke”, dio tolosarrak.

Gaskoiaren beheranzko joera dela-eta, hizkuntzalariak itxaropentsu agertu nahi du: “Zailtasunak ikaragarriak dira, baina uste dut aukerak egon badaudela. Herri indartsu bat badago, eta horretarako baldintza soziopolitikoak sortzen badira, biziberritze prozesu bat hasi daiteke”.

Azken bultzada

Zokoatik, Bruno Muretek ere, baikor begiratu nahi dio etorkizunari. Kosta egiten zaiola aitortu digu: “Aurreko mendean, euskararen egoera larriagotu zen eta gaskoia ia desagertu zen. Gu bezalako aktibistek soilik mantendu dezakegu hizkuntza bizirik?” galdetu du zokoarrak bere etxeko balkoitik euriari begia kendu gabe. Ekintzaileak, alabaina, ez du amore emateko asmorik. Etsipenari bidea mozteko asmoz, La Passem ekitaldia ekarri du gogora. Okzitanieraren aldeko egitasmoa da, Korrikaren oso antzekoa, baina biziki xumeagoa.

Horrelako ekimenek euskaldunen eta gaskoien arteko elkartasuna indartu dezaketelakoan dago Muret: “Kontzientzia pizteko bultzada da: bizirik gaude eta etorkizunari begiratzen diogu”, dio gaskoi euskaldunak, euskaldun gaskoiak edo dena delakoak, munduaren arreta bereganatu nahi horretan.

 

‘La Passem!’, okzitanieraren aldeko ‘Korrika’

2018tik eta bi urtez behin egiten da La Passem!, okzitanieraren aldeko Korrika erako lasterketa. Kilometro bakoitzean, parte-hartzaile batek ligam izeneko lekukoa eramaten du: okzitanieraz idatzitako mezu sekretua duen eskuz egindako kutxatila, hizkuntzaren transmisioaren sinbolo gisa. Euskararen aldeko Korrika-n legez, kilometroak erosteko aukera egoten da, bakoitza 100 eurotan. Iazko edizioan 1.100 kilometroko ibilbidea egin zen. Diru ekarpenak hizkuntza sustatzera bideratzen dira. La Passem!-ek bere aldarrikapena ozen entzutea du helburu: okzitaniera ez da iraganeko hizkuntza, bizirik dagoen orainaren ahotsa baizik, eta belaunaldiz belaunaldi transmititu beharrekoa. Informazio gehiago www.lapassemtarn.org webgunean eskura daiteke.

Joan den maiatzaren 23 eta 24an, 230 kilometroko edizio xumeago bat egin dute Tolosa ekialdean.