“Gas azpiegituren aldeko interesek nahi badute, frackingaren aurkako legediarenak egin dezake”

  • Alfons Perez Lopez Kataluniako Observatori del Deute en la Globalització-ko (Globalizazioaren barruko Zorraren Behatokia) kideak hitzaldi interesgarria eskaini zuen Frackanpadaren asteazken arratsaldeko saioan. Gaia, munduko gas-azpiegituren garapena.  


2015eko uztailaren 17an - 06:26
"Frackingaren aurkako eta erregaien garraioaren aurkako borrokak lotuta egotea garrantzitsua dela uste dut" (Arg.: Unai Brea)

Gas-azpiegiturak frackingaren aurkako borrokan oso kontuan hartu beharko litzatekeen faktorea direla esan duzu.

Paralelismoa eginez, esan genezake autoen aurka borroka egitea dela, autobideen aurka egin gabe. Gas-azpiegiturak baitira gasa dabilen autobideak. Esplorazioaren eta ustiaketaren aurkako borrokak, eta erregai fosilen handik honako garraioaren aurkakoak lotuta egotea garrantzitsua dela uste dut.

Eta badago loturarik?

Ez hainbestekoa, badirudi nolabaiteko espezializazioa dagoela borroketan. Frackingak tokian tokiko borroka asko sorrarazi ditu, baina gasifikatze edo gasbide proiektuen aurka jotzea harago joatea da. Esaterako, gasbideek ez dute frackingak adinako inpaktua paisaian edota lurraldearen okupazioan. Oharkabean-edo gauzatzen dira proiektuok.

Gasbideak, gasifikatzea… Zein da panorama gaur egun?

Uneon halakoen oldarraldi azkarra gertatzen ari da. AEBetan, esaterako, gasa likidotzeko planta bakarra dago gaur egun (horrek ahalbidetzen du gasa, gero, ontzietan garraiatu ahal izatea), baina beste lau eraikitzen ari dira, eta beste asko egiteko baimenak eskatuta daude. Mundu osoan 25 likidotze-gune baino ez dago, beraz lau berri horiek portzentaje handia dira.

Horrek zerikusia du frackingak AEBetan eragin duen ustezko gasaren boomarekin?

Bai, “iraultza” hori berez burbuila den arren, ideia da esportatu egin behar dela, eta beraz likidotze plantak eraiki behar direla. Nolanahi den ere, uste dut AEB gehiago ari dela Asiako eta bereziki Japoniako merkatuetara begira, han gasa garestiago sal baitezake. Gaineratu beharko nuke likidotzea oso azpiegitura garestia dela, 20.000 milioi dolar planta bat eraikitzeko. Burbuila benetan bada uste bezain handia, azkenean AEBek ez badute esportatzeko gas hori guztia, sekulako zartakoa hartuko dute.

Zein da egoera Europan?

Europan ez dago likidotze plantarik, gu hartzaileak garelako ideia horregatik. Hemen dagoen azpiegitura birgasifikatzeko da, alegia, prozesuaren beste zatia. Kalkulatu da Espainiako Estatuan dagoela Europar Batasun osoko birgasifikatze ahalmenaren %37. Gasbidetik datorren Afrika iparreko gasaren sarbidea ere bada. Estatuan orain dagoen proiektu nagusia midcat gasbidea da, EBk interes komuneko egitasmo izendatutakoa. Horrek esan nahi du diru publikoz lagundua dela, eta gainera prozedura administratiboak arintzeko erraztasunak ematen zaizkiola, ingurumen baimenak lortzea barne. Europan, berriz, gasbide proiekturik handiena Southern Gas Corridor delakoa da, Azerbaijanetik Italiara joango dena, eta Errusiako gasarekiko mendekotasuna arintzeko xedea duena.

Azerbaijaneko erregimena kritikatu duzu, hain zuzen…

Bai. 1991tik familia bera dago gobernuan, eta erregimen autoritarioa da oso, ehun preso politiko dituena, horietako batzuk gure kideak. EBk orain zuritu egiten du hori, gasbide proiektua sustatu behar duelako. Proiektua, bestalde, kritikagarria da eragingo duen ingurumen inpaktuarengatik eta diru publikoz finantzatua izateagatik. Europako Inbertsio bankuaren bitartez finantzatuko da, Castor proiektuaren antzeko baldintzetan, alegia, arriskua bankuak hartzen du bere gain.

Inbertsio horiek egiten diren bitartean, frackingari oztopoak jartzen zaizkio EAEn, Lancashiren (Ingalaterra), New Yorken…

Azpiegitura horiek eraikitzea gas ustiaketaren mehatxuaren adierazpide fisikoa dira, eta legedia, berriz, aldatu egin daiteke, gobernu aldaketa baten ondorioz, TTIP bezalako hitzarmen baten bitartez… Azpiegituren alde benetako indarra egiten badute, eskualdeetako legediarenak egin dezake. Gero, ikusi beharko da tokian tokiko borrokak zer indar hartzen  duen.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Energia krisia
GNL: Louisianako zingiretan jokoan dira munduko klima eta osasuna

Energia krisiak eta Ukrainako gerrak hauspotuta, Gas Natural Likidotua (GNL) bihurtu da munduko lehengai estrategiko eta preziatuenetakoa. AEBetako hegoaldean gasa modu horretan biltegiratu eta esportatzeko planta erraldoiak egin asmo ditu industriak, baina Joe Bidenen gobernuak... [+]


2024-03-25 | ARGIA
"Megaproiektu berriztagarrien egungo hedapenaren aurka eta bizitzaren alde" manifestua sinatu dute hainbat alorretako 75 pertsonak

"Elite ekonomiko baten pribilegioak iraunarazten diren aldi berean, konponbide faltsuak eskaintzen dizkigute, egiazko konponbideek beharko luketena onartu gabe: oligarkia energetikoa erabat auzitan jartzea, hazkunde ekonomikoaren aginduarekin haustea, gure eredu produktibo... [+]


2024-03-20 | ARGIA
Jasangarritasunaren Euskal Azokak hamargarren edizioa egingo du asteburuan Durangon

Berdeago Azoka egingo dute martxoaren 22tik 24ra, Durangoko Landako Gunean. Energia-eraginkortasunaz eta kontsumo arduratsuaz kontzientziatzeko helburua du Jasangarritasunaren Euskal Azokak, ingurumena babesteko irtenbideak tarteko.


Adrián Almazán
"Gizartearen logika algoritmikoarekin, gizakiak esplotatzen jarraituko dugu"

Fisikan lizentziatua eta Filosofia doktore, Gasteizen du ohiko bizitokia Adrián Almazánek (Madril, 1990), baina egun Madrilgo Carlos III Unibertsitatean ematen ditu klaseak. Digitalizazioak ingurumenean, energian eta gizartean sortzen dituen eraginak izan ditu... [+]


Eguneraketa berriak daude