Garoña zentral nuklearra “egoera negargarrian” dagoela salatu du Burgosko Ekologistak Martxanek. Zentrala berriz martxan jartzea “erabaki zentzugabetzat” jo dute, eta logikoena “behin betiko ixtea” dela diote.
Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak aldeko lau bozkekin eta kontrako batekin onartu zuen Nuclenorri aukera berri bat ematea Garoña martxan jartzeko. Kontseiluak azterketa tekniko osagarri bat egin du, eta zentrala berriz irekitzekotan, bertan zehazten diren aldaketak egin beharko ditu Nuclenorrek. Operazioarekin jarraitu nahi badu irailaren 30era arteko epea du aldaketak egiteko.
Egin beharreko aldaketak honako hauek dira, beste askoren artean: ehunka kable metro aldatu, kontrol-gela isolatu eta ontzia, beheko sarpenak eta upeltxoaren soldadurak aztertu.
Aldaketek 150 milioi euroko kostua dute, baina ez dute bermatzen arazo gehiago ez agertzea edota istripurik ez gertatzea. Burgosko Ekologistak Martxanen ustez, azterketa teknikoak eskatzen dituen aldaketak zentral nuklearraren “egoera negargarriaren erakusle dira”.
2031 arte
Nuclenorrek 17 urterako ustiapen baimena eskatu du. Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak 10 urterako baimenak eman ditu gaur egun arte. Baimen hain luzea ez ukatzea kritikatu du Burgosko Ekologista Martxanek.
Garoñako zentrala “ez da beharrezkoa” ekologisten ustez, hura ordezkatzeko potentzia elektriko nahikoa dutelako. Zentrala behin-betiko ixtekotan lanpostuak ez liratekeela galduko diote, lana ziurtatuko lukeen eraispen prozesu luzea hasiko litzatekeelako.