argia.eus
INPRIMATU
Garoña: laster Bilbo aldeko herritar guztientzat iodo pilulak?
  • Komeni da arretaz irakurtzea gaur Madrilgo El País egunkarian Enrique Mullerrek plazaratzen duen "Alemania ampliará la zona de seguridad alrededor de sus reactores nucleares" kronika. Euskaldunoi dagokigunez, bereziki Araba eta Bizkaiko jendeek kasu egin beharko liokete letra xeheari, bertan adierazten baita Alemaniako gobernua zentral nuklearren inguruko eremuetan ezartzera doan zenbait neurri berri. Horiek gure artera ekarriz gero (eta ekarri beharko dira laster), Araba eta Bizkaiko herritar gehienei iodo pilulak banatu beharko dizkiete agintariek, Gañorako (Burgos) zentral nuklearrean istripua gertatuz gero lehen orduetako babes neurria eskueran eduki dezaten. Bilboaldea bera ez da zentraletik 50 kilometro baino urrunago aurkitzen.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2014ko martxoaren 11
Garoñako zentraletik dauden distantziak.

Urtarrilaren 24an azaldu genuenez Suitzak neurri hori dagoenekoz hartuta dauka bere nuklearren inguruko 50 kilometroko eremuetan, erabaki horrek hartzen dituelarik Zurich bezalako hiri handietako biztanleak. Orain Fukushimako istripu handiaren hirugarren urteurrenean Alemaniako gobernuak jakinarazi du zabaldu egingo dituela zentral atomikoen inguruko eremu bereziak, aditu talde batek aholkatu dion moduan. Babes eremu estuena zentralaren inguruko 2 kilometrotik 5era zabalduko du. Erdiko eremua 10etik 20 kilometrora, eta honetako herritar guztiek egon beharko dute istripurik gertatzekotan denek 24 orduko epean handik alde egiteko. Garoñara ekarrita, Miranda de Ebro ebakuatzea esan nahiko luke neurri honek. Hirugarren eremu zabalakoa, kanpoko aldekoa, 50 kilometrotik 100tara hedatuko dute Alemanian. Neurri hau gurera ekarriz, eremu horren barruan geratuko litzateke Gasteizez eta Araba gehienaz gain Bizkaiaren zati nagusia, Bilboaldea barne, eta Gipuzkoa eta Nafarroako lurralde asko ere bai. Alemanian, zonalde honetan bizi diren 45 urtez goitik herritar guztiei banatuko zaizkie iodo pilulak, istripuaren ondorengo 12 orduen barnean, isuri erradioaktiboetako batek, 131-Iodoak, tiroideetan eta gizakien beste zenbait ataletan ekarriko dituzten kalteak saihesteko.

"