argia.eus
INPRIMATU
Garnicaren jabe nagusien beste negozioak: higiezinak, osasuna, finantza zerbitzuak... eta Israelen sorburua duten erabilera polizial zein militarreko teknologiak
  • Mundu osoko ehunka enpresaren jabea da The Carlyle Group. Horietako bat da Garnica, Maderas de Llodion 39 langile kaleratu nahi dituen enpresa. Beste bat, aldiz, LiveU da, Israelen sorburua duen zuzeneko bideo emisioetan espezializatutako enpresa, erabilera polizial zein militarrerako teknologia garatzen duena. Bi enpresa oso ezberdin, bi tanta, inbertsio funts erraldoi beraren negozioen ozeano ez bereziki baretsuan murgilduta. 

Aiaraldea @aiaraldea Txabi Alvarado BaƱares 2025eko urriaren 16a
LiveU konpainiak bere zerbitzuak iragartzeko erabiltzen duen irudietako bat. Liveu.tv

Zaila da The Carlyle Groupek duen dimentsioa irudikatzea. Inbertsio-kapitaleko munduko enpresa handienetako bat da, 465 billioi euro kudeatzen ditu, eta mundu osoko ehunka enpresaren jabe da. Konpainia horietako bat da Garnica, Maderas de Llodion 39 langile kaleratu nahi dituen multinazional errioxarra. 

2018an erosi zuen Garnicak Aiaraldeko konpainia. 2022an, aldiz, Garnicaren kapitalaren %70 eskuratu zuen The Carlyle Groupek, ICG funtsak ordura arte izandako partaidetza erosita. Hau da, inbertsio funts erraldoi batetik are erraldoiago batera pasa zen Garnicaren (eta, ondorioz Maderas de Llodioren) jabetzaren gehiengoa. ICGk 123 billoi kudeatzen ditu gaur egun, zifra astronomikoa izan arren, The Carlyle Groupena baino ia lau aldiz txikiagoa dena.  

Ehunka enpresa erosi ditu The Carlyle Groupek azken urteetan, mota eta sektore askotakoak. Horietako bat da LiveU, jatorri israeldarreko teknologia enpresa

Ez dago argi The Carlyle Groupek zenbateko eragina daukan Garnicak egunerokoan hartzen dituen erabakietan, baina egia da erosketa eman zenetik gorabehera ugari egon direla egur enpresan: enpleguak aldi baterako erregulatzeko espedienteak ezarri zituzten 2022 eta 2023. urteetan konpainiaren hainbat lantegitan, baita Maderas de Llodion ere. Logroñoko bulegoetan, aldiz, 26 langile kaleratu zituzten 2023an, eta azken bi urteetan zuzendaritzako kideen erdia berritu dute, zuzendari exekutiboa (CEOa) barne.

Beste negozioak

Gauzak hala, enpresa burujabe bat izatetik inbertsio ozeano batean murgildutako tanta bat izatera pasa da Maderas de Llodio urte gutxitan. Eta The Carlyle Groupen ozeanoa ez da nolanahikoa. Industria, osasungintza, finantza zerbitzuak, sektore aeroespaziala, xehekako merkataritza, higiezinak... adar asko eta  anitzak ditu Garnicaren jabe nagusiaren negozio sareak. “Kapitala aukerekin konektatuz” (Connecting Capital to Opportunity) da inbertsio funts estatu batuarraren lema eta, bide horretan, ez du aparteko erreparorik; adibidez, industria militarrean inbertitzeko... edota Israelekin negozioak egiteko. 

LiveU-ren kasua da horren adibide. 2006. urtean sortu zuten teknologia enpresa hori Israelen, eta 2021an pasa zen Carlyle Groupen eskuetara, Garnica baino urtebete lehenago. Konpainia horren egoitza nagusia Estatu Batuetan dago gaur egun, eta bere webgunean ez zaio bere jatorri israeldarrari inolako erreferentziarik egiten, bere egungo CEOa (Samuel Wasserman) enpresaren sortzaileetako bat (eta israeldarra) den arren. 

Lehen begiratuan, LiveUren jardunak ez dirudi bereziki polemikoa. Ikus-entzunezkoen zuzeneko emisioak egiteko teknologia garatzen du, eta nahiko aitzindaria izan da esparru horretan. Gauzak hala, telebista kateak edota kirol emisioak egiten dituzten komunikazio enpresak dira bere bezero fidelenetako batzuk, baina baita gobernuak, poliziak zein militarrak ere. 

Izan ere, “egoeraren ezagutzara” bideratutako gailu berezituak garatu ditu konpainiak, segurtasun zein defentsarako baliatzen direnak (droneetan, adibidez). 

“Bideozaintza funtsezkoa da segurtasun eta defentsa operazioetan. Grabatutako irudietan oinarritzen diren zaintza-sistema tradizionalek ez bezala, denbora errealeko bideo-monitorizazioak teknologia aurreratuak baliatzen ditu, hala nola bideo-edukien analitika eta adimen artifiziala, gertaerak automatikoki aztertu eta detektatzeko”. Joseph Yakerren hitzak dira horiek, LiveUren segurtasun publikoko negoziaren garapeneko zuzendaria. 

Bere hitzetan, “gaitasun espezifikoak” jorratu dituzte “misioen jarduna optimizatzeko, egoeraren zaintzan, tripulatutako eta tripulaziorik gabeko aireko eta lurreko ibilgailuetan, agintean eta kontrolean, ikusmen-adimenean, erabakiak hartzeko agertokietan eta gehiagotan”. 

LiveU-k bi salmenta kanal ofizial ditu Israelen, eta horietako bat Draco Group da. Eta enpresa horrek bai, bere bezero esanguratsuenen artean ditu Israelgo Gobernua eta Israelgo Indar Armatuak

Azken urteetan LiveU-k are gehiago sakondu du segurtasun publikoaren negozioan. Bide horretan, Actus Digital enpresa erosi du aurten, hau ere jatorri israeldarrekoa. Informazioaren monitorizazio adimenduna eskaintzen du enpresa horrek, Adimen Artifiziala baliatuta, eta mota horretako zerbitzuak eskaintzen dizkie mota askotako erakundeei, gobernuak eta inteligentzia agentziak tartean (NATO da bere bezeroetako bat, adibidez).

Israelekin harremana

LiveU-k ez du informazio oso zehatzik ematen bere bezeroen inguruan, are gutxiago segurtasun publikoko esparruaren barruan. Ondorioz, ezin da ziurtatu Israelgo gobernuarekin elkarlan zuzenean dagoen edo ez. Esaten duen gauza bakarra da 5.000 bezero inguru dituela munduko 150 herrialdetan, eta tartean daudela hedabideak, hezkuntza zentroak, ekoiztetxeak, gobernuak edota segurtasun publikoko agentziak ere.

Hala ere, LiveU-k bi salmenta kanal ofizial ditu Israelen, eta horietako bat Draco Group da. Eta enpresa horrek bai, bere bezero esanguratsuenen artean ditu Israelgo Gobernua eta Israelgo Indar Armatuak. 

Dena den, LiveU eta The Carlyle Group ez daude Israelen aurkako Boikot, Desibertsio eta Zigorren (BDZ) kanpainaren zerrendetan. Ahmed Bashbash garatzaile palestinarrak sortutako ‘No Thanks’ aplikazioan agertzen dira soilik. Aplikazio horren arabera, LiveU-ren jabea izateaz gain, Israelekin lotuta duten defentsa kontratistetan inbertitu du The Carlyle Groupek, eta Energean enpresarekin elkarlanean ere aritzen da (Israelen aritzen dena). 

Modu batean edo bestean, argi dagoena zera da: dirua dela The Carlylen Groupen aberri bakarra, eta bide horretan berdin zaiola egurrean edo droneetan inbertitu

Guardianekin errimak

Modu batean edo bestean, argi dagoena zera da: dirua dela The Carlylen Groupen aberri bakarra, eta bide horretan berdin zaiola egurrean edo droneetan inbertitu. Logika makur horretan, 39 langileren kaleratzea albo kalte anekdotiko bat baino ez da, askoz jota.

Izan ere, Laudioko egur fabrikaren egungo egoerak errima ugari ditu Guardian Llodion berriki gertatutakoarekin. Enpresa hori ere Laudion jaio eta garatu zen Villosa izenarekin, eta beiraren ekoizpenaren erreferente bilakatu zen hamarkaden poderioz. Alabaina, gero multinazional baten eskuetara pasa zen (Guardian Glass) eta hortik talde are handiago batera (Koch Industries estatu batuarra). Eta badakigu istorio hori nola amaitu den.