argia.eus
INPRIMATU
Garbitzaileen garaipen “historiko” bat M8 atarian
  • Martxoaren 1eko datarekin, EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi du IMQ enpresak legeari iruzur eginez eta eskubide-abusu nabarmenarekin kaleratu zituela bertako garbitzaileak urtarrilean, eta baldintza berberetan berriz ere onartzera kondenatu du IMQ; baita kaleratu zituztenetik jaso gabeko soldatak ordaintzera ere. Era berean, frogatutzat eman du langileen urteetako jarduera sindikal eta juridikoaren ondorio izan direla kaleratzeak, eta langile bakoitzari 1.000 euroko kalte ordaina eta ELA sindikatuari 40.000 eurokoa eman beharko die IMQk.

ARGIA @argia 2022ko martxoaren 08a

ELA sindikatuak epai hau "sindikalismoarentzat eta are gehiago feminismoarentzat historikoa" dela adierazi du: "Izan ere, alde batetik, lan-baldintza duinen alde eta hitzarmen kolektibo bat negoziatzeko eskubidea urratu dela onartzen delako, eta, bestetik, sexuagatiko diskriminazioa aitortzen delako, sektorean dagoen soldata-arrakalarekin amaitzeko antolatutako eta mobilizatutako langile talde feminizatua baita". Sindikatuak uste du epai hau aitzindaria eta aurrekaria izan daitekeela "Euskal Herri osoan beren enpleguak duintzeko borrokan ari diren milaka emakumerentzat. Adibidez zaintza-sektoreko emakumeentzat; adinekoen egoitzetakoak, etxez etxeko zerbitzukoak, esku-hartze sozialekoak...".

"Lehen aldiz, epai batek sektore horretan dagoen soldata-arrakala aitortzen du"

ELAk azaldu du garbiketaren sektorean soldata-arrakala handia dagoela eta urteak daramatzala kolektibo feminizatuei eragiten dieten hitzarmenetan ezarritako soldatak (hala nola eraikinen eta lokalen garbiketa) eta maskulinizatutako kolektiboei eragiten dieten soldatak (adibidez, bide-garbiketa) parekatu nahian, "batzuen eta besteen arteko soldata-aldeak 10.000 €artekoak baitira kasu batzuetan".

Epai honek soldata-arrakala aitortzen duela dio sindikatuak: "Epaiak eremu ahulak aipatzen ditu, prekarietatera eta ezegonkortasunera jotzen dutenak, genero-arrakala %20 ingurukoa izanik. Araudi soziala eta errealitate berriak ere aipatzen dira, eta baliogabetzat jotzen dira, besteak beste, sexuagatiko diskriminazioagatiko kaleratzeak".