argia.eus
INPRIMATU
Garbiñe Ubedak ‘Hobe isilik’ eleberria aurkeztu du
  • Garbiñe Ubeda idazle eta ARGIAko kazetariak Hobe isilik eleberria aurkeztu du gaur Donostiako Elkar aretoan. Lehen saialdia du fikzioaren munduan. Augustin Zubikarai beka-saria irabazi zuen iaz nobela-proiektu honek.

ARGIA @argia 2013ko azaroaren 07a
Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatutako Augustin Zubikarai beka irabazi zuen iaz 'Hobe isilik'-ek

1936ko Gerran ibili eta gero, II. Mundu Gerraren amaieran Frantzian desagertutako Jose Bermejo aitona miliziano anarkistaren arrastoaren bila hasten da haren biloba Bakartxo. Inoiz ezagutu gabeko aitona hari idatziko balio bezala, bilaketaren gorabeherak, ezusteko aurkikuntzak eta horiek sorturiko zalantzak kontatzen dizkigu eleberriak; horiekin batera, familiaren historia berreraikiko du narratzaileak, baita hainbat gogoeta harilkatu ere: sekretuaz, isiltzeaz, bizitza berri bat hasteaz, zaharra ahazteaz…

"Gerra aipatu eta frontea etortzen zaigu gogora, milizianoak, tiroak, gorpu lehertuak, txikizioa, balentria belikoak", adierazi du aurkezpenean Ubedak. "Baina gerrak ere badu egunerokotasuna, badu eguneroko errutina, babarrunak eltzetik atera beharra, maitatzeko premia, edo seme-alabak aurrera atera beharra".

"Gerra garaiko egunerokotasunean biziraupena da funtsa, ahal bada zutik hil behar ez izatea; belauneko bada ere, bizitzea. Bizitzarik gabe ez dagoelako ezer. Bizitza baldin badago, esperantza ere badagoelako. Kosta ahala kostako biziraupen horren aldarria da Hobe isilik".

"Gure etxean bizi izandako historia du abiapuntua fikzio honek. Baina ez da biografia bat, ezta terapia egiteko hautatu dudan molde kamuflatu bat ere. Hainbat taburi hortzak erakusten saiatu naiz, baina ororen gainetik, nobela bat idaztea izan dut helburu".

"Memoria historikoa hitzetik hortzera darabilgu aspaldi honetan. Ezinbestekoa zaigu iragana argitzea, herri bezala eta norbanako bezala, esaerak ondotxo dioen moduan, atzeak erakusten baitu aurrea nola dantzatu".

"Arakatu beharra daukagu beraz, ezkutatu zaizkigun egiak bilatu. Eta arakatu behar horretan, luparen efektu engainariarekin egingo dugu topo. Lenteaz irudia zenbat eta gehiago handitu, orduan eta doiago ikusiko dugu fokatu dugun puntua, baina orduan eta lausoagoa bihurtuko da ingurua. Konexiorik gabe azalduko zaigu ikusten ari garen hori, solte, isolatuta, eta epaitu egingo dugu, gure gaurko begiekin, gure erosotasunetik juzkatuko dugu. Ekidin ezina zaigu".

"Eta halako batean, lupa urrundu egin beharko dugu berriro, xehetasun fokatu horiek apur bat lausotuko bazaizkigu ere, ingurua ager dadin ikuspegian. Testuingurua delako, hain zuzen, hain doi eta zehatz ikusi nahi izan dugun puntu horren azalpen nagusia, neurri handi batean gure epai guztiak baldintzatuko lituzkeena: gerra bere gordinean".

Garbiñe Ubedaren artikuluak ARGIAN.

Garbiñe Ubedaren bloga.