argia.eus
INPRIMATU
Garazi Rodriguez: “Agente batek bortxatu eta hil egingo ninduela oihukatzen zuen”
  • Grande-Marlaska epaileari torturatua izan zela azaldu zion Rodriguezek, baina Madrilgo auzitegi batek artxibatu egin zuen. Kasua ikertzeko agindu du orain Auzitegi Konstituzionalak.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko abuztuaren 19a
Garazi Rodriguez donostiarra, atzo, Noticias de Navarrari elkarrizketa eskaini berritan. [Argazkia: Noticias de Navarra]

“Ostikoak ematen zizkidaten, ez zidaten atseden hartzen uzten eta orduro galdekatzen ninduten”. Garazi Rodriguez Segiko kide izatea egotzita atxilotu zuten 2009an, eta atxiloaldian bizitakoak kontatu dizkio Noticias de Navarrari.

Torturatua izan zen Rodriguez, 21 urte zituela: “Ostikoez gain, gela batean leher egin arte ibiltzera behartu, makurtuta egonarazi eta iletik heldu ninduten. Zazpi edo zortzi poliziaren aurrean ordu luzez biluzik egotera ere behartu ninduten. Agente batek, bortxatu eta hil egingo ninduela oihukatzen zuen, ukituak egin eta musuak ematen zizkidan bitartean”, zehaztu du. Bere burua erruduntzat jotzen zuen deklarazioa sinatu ostean amaitu ziren torturak.

Madrilgo komisaria hartan gertatutakoak Fernando Grande-Marlaska epaileari kontatu zizkion, baina hark “ea titiak ukitu zizkidaten soilik galdetu zidan”. Deklarazioa sinatu eta hiru egunera izan zen hori, eta han onartutakoak ukatu egin nizkion, torturapean sinatu nuelako”.

Handik hilabete batzuetara salaketa ipini zuen, baina Madrilgo auzitegi batek artxibatu egin zuen deklaraziorik hartu gabe: “Nire eskubideak urratu zituzten”, adierazi du Rodriguezek.

Alabaina, zazpi urte geroago kasua ikertzeko agindu du Auzitegi Konstituzionalak. Hala ere, “eszeptiko” dago Rodriguez: “Kasu asko eman dira, eta gutxi ikertu. Oraindik lan politiko handia dago egiteko torturaren gaian, eta erantzukizun asko dago hartzeko”.