EITB irrati telebista kate publikoak Txalaparta, Gara eta Mediabaskek osatutako argitaletxe taldeari eskatu dio esaldi bat kendu dezala bere liburu baten publizitatetik. Luhusuko operazioa puntu gorena izan zuen ETAren desarme operazioaz Iñaki Egañak beste hedabide horietako zenbait kazetarirekin elkarlanean idatzitako "El desarme, la vía vasca" promozionatzeko Txalapartak bidalitako kuña baten edukian datza gakoa.
Asteotan editoreek liburua sustatzeko abian daukaten kanpainaren barruan nahi du EITBko irratiek iragararkia eskaini dezaten, ordainduta. Naiz-Garak gaur zabaldu duenez, EITBko zerbitzu juridikoek jakinarazi diote iragarkia ez dutela bere horretan eskainiko, enpresa publikoaren Administrazio Kontseiluaren araudiak ez duelako onartzen iragarkiek eramatea honek daramatzan bezalako eduki politikoak, eta plazaratzekotan kendu beharra daukala esaldi zehatz hau: " ... el desarme de una organización militar con la ayuda de la sociedad civil frente a las posiciones más inmovilistas’" [erakunde militarraren armagabetzea gizarte zibilaren laguntzarekin posiziorik inmobilisten aurrean]. Gainera, EITBk berak bidali omen dio Garari esaldi hori zentsuratuta prestatutako iragarki berriaren proposamena.
Arratsaldeko lehen orduetan oraindik ez zen ezagutzen EITBren erantzunik Garak zabaldutako zentsura salaketari.