argia.eus
INPRIMATU
Garai makurrak kazetaritzarako

Mikel Aramendi 2023ko otsailaren 13a
Scoop-aren mamia da AEBetako Itsas Armadako urpekariek leherkariez suntsitu zutela Nord Stream gasbide errusiar-alemaniarra.

Informazioaren aroa omen den honetan, kazetaritzak zein garai makurra nozitzen duen ikusi dugu bertatik bertara. Kontraesana izan behar luke, ezta?

Bere bizitzako azken bonba-albistea eztandarazi du Seymour Hersh-ek. Azkena oraingoz eta, seguruenera, betikoz: 86 urte betetzear dago, eta 'Sy' Hershen "bonbak" urte batzuk behar izaten dituzte lantzeko. Beraz..., azkena, eta, esango nuke, latzena.

Scoop-aren mamia da AEBetako Itsas Armadako urpekariek leherkariez suntsitu zutela Nord Stream gasbide errusiar-alemaniarra pasa den irailean, bi zatitan burututako operazio txit sekretuan, norvegiar armadaren laguntzarekin.

Ezin uka bonba-eztandaren parekoa dela. Ameriketako Estatu Batuek antzeko mila egin dituzte edozein ama-semeren kontra azken 70 urte hauetan, gutxienez. Baina kasu honetan, kaltetu zuzena, beste potentzia nuklear bat da; eta kaltetu estrategikoa, aliatu funtsezkoa omen den beste bat. Ondorioak, errepresalia eta abarren bidez, batek daki noraino hel daitezkeen. Ez da harritzekoa horrelako zerbait oso isilpean gorde nahi izatea. Ezta ere Hersh bezalako batek hori jakin nahi izatea eta argitaratzea: guk jakitea nahi ez dutena jakinaraztea da kazetaritza.

Lau izen propio ipintzen ditu Hersh-ek operazioaren burutzan: Joe Biden, presidentea; Anthony Blinken, Estatu idazkaria; Jack Sullivan, Segurtasun Nazionaleko aholkularia; eta Victoria Nuland, Estatu idazkariordea. Alegia, AEBen kanpo-politikaren kargu goren-gorenak. Zibilak, guztiak, ez pentsa.

Operazioa bera baino atipikoagoa izan da, haatik, haren argitalpena. Antza denez, bere web-orrian argitaratzea baino aukera hoberik ez du aurkitu Hershek (haren kolaborazioaren bila hamaika bider ibilitakoek argitu beharko lukete zergatik). Argitaratu eta gero, erreakzio ofizial bakarra, Ameriketako Estatu Batuetan nahiz Norvegian, lakoniko(egi)a izan da, alafede: "Hori faltsua da". Baina inork ez du kinadarik ere egin Hersh auzitara eramateko, faltsua balitz ezinbestekoa litzatekeen eran, erator daitezkeen ondorioengatik besterik ez bada.

Horren ordez, gutxienez bi adar dituen estrategia abiarazi du... ahal duenak. Batetik, ahal den guztietan, albistea desagerraraztea, literalki. Eta hori ezin denean, "Sy" ezdeus bat balitz bezala agerraraztea: bai, noizbait Pulitzer bat eman omen zioten...

Eta kopiatuz eta itsatsiz halako makurbidera etorri gara ezen gure kazetaritzako edozein Muniainek, Wikipedia aztarrikatzeko ataza ere hartu gabe, edozein ergelkeria iradokitzen ahal duela bere ofizioan, batera, Pelé, Maradona eta Messi izan denaz. Eta, zorionez, oraindik ere badenaz.