Garabien arriskua berretsi du Lan Ikuskaritzak eta segurtasun plana osatzeko eskatu die enpresei


2018ko otsailaren 05an - 07:21

Donostiako erraustegiaren obretan, eremu txikian elkarren ondoan ari diren garabiek, segurtasun aldetik gabezia nabarmenak zituzten. LABek Ikuskaritzan salaketa jarri zuen lehenik, eta obra gelditzeko eskatu zuen ondoren. Lan Ikuskaritzak obrara bisita egin zuenean frogatu zuen sindikatuak salatutako egoera eta enpresei eskatu die garabi hauek sortzen duten arriskurako neurriak aurreikustea.

Garabien afera, urratsez urrats

Honela kontatu du LABek erraustegiko garabien afera, lan segurtasunari lotua dagoena, prentsara bidali duen oharrean:

Abenduan obrara egindako bisita batean, LABek ikusi zuen garabiek ez zutela legeak dioena betetzen: lan eremu berean bost garabi ari zirela lanean. LABek salaketa jarri zuen Gipuzkoako Lan Ordezkaritzan, abenduaren 20an.

Urtarrilaren 10ean beste bisita bat egin zuen sindikatuak obrara, eta garabiek bere horretan jarraitzen zutela ikusteaz gain, anemometroek ez dutela funzionatzen ikusi zuten. Anemometroek haizearen indarra neurtzen dute, eta alarma bat pizten dute haize asko dagoenean. Hori dela eta, urtarrilaren 11n Lan Ikuskaritzan idatzia sartu zuen LABek berehalako arrisku larriagatik Zubietako errauskailuaren obra gelditzeko eskatuz.

LABek urtarrilaren 30ean jaso zuen erantzuna, Lan Ikuskaritzak urtarrilaren 24ko datarekin bidalitako idatzia. Zera adierazten du Lan Ikuskaritzaren agiriak: LABek salatutako egoera benetakoa dela eta enpresei dituzten hutsuneak konpontzeko agintzen die.

Lan Ikuskaritzaren arabera, segurtasun planean eta lan protokoloan hutsuneak zeuden

Lan Ikuskaritzak urtarrilaren 16an bisita egin zuen erraustegiko obretara, Osalaneko teknikariarekin batera. Neurri hauek hartzeko eskatu die "inplikatutako enpresei" (UTE CIVIL PVE aipatzen du Ikuskaritzaren dokumentuak):

1.-Obraren segurtasun planari eranskin bat gehitzea, aurreikusten duena bost garabi hauen ezarpena eta jarduera.

2.-Lan protokolo egokiak jartzea.

3.-Garabilariak informatzea aurreko hauetaz: segurtasun planaren eranskinaz, eta obrako segurtasun eta osasun koordinatzaileak onartutako lan protokoloez.

4.-Garabilari bakoitzari elkarrekin komunikatzeko gailuak jartzea, edozein egoerak sortzen badu garabien ekintza erradioen ikus-eremua murriztea, adibidez, pertsonak edo objektuak garabilarien ikus-eremuan sartu direlako, elkarri berehala komunikatu ahal izateko.

5.-Garabietan anemometroak errebisatzea.

Azken lerroan gehitzen duenez, telematikoki jaso omen du Ikuskaritzak berrespena, bai enpresaren eta bai obraren segurtasun koordinatzailearen aldetik, bete beharreko neurri hauek konplitu dituztela.

"Eraikuntzako langileen bizitzak gutxiago balio du mugitzen duten kargak baino"

LABek, atera dituen ondorioetan, inpunitatea azpimarratu du: "Zubietako errauste plantako obran, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako obra, ez da Lan Prebentzioko Legea betetzen, ezta beste segurtasun arau eta lan osasunekoak ere. Berriro ere, interes politikoak eta ekonomikoak langileen segurtasun eta osasunaren gainetik jartzen ari dira.

Eta hau tamalez gertatzen da arauak hausten dituenarentzat ondoriorik ez dagoelako. Enpresak eta euren beste obra batzuen arduradun politikoak, instituzioek, inpunitatez jokatzen dute. Badakite jarduteko era honek ez duela inolako ondoriorik. Lan Ikuskaritzak gertatutakoaren larritasuna onartu arren, ez dute inolako isunik jarri ere egin. Eraikuntzako langile baten bizitzak lanean mugitu behar duen kargak baino gutxiago balio du".

Lan segurtasunerako legeak ez betetzeaz gain, erraustegiko obran gainerako lan baldintzak ere ez direla betetzen adierazi du, eta obra hau ez dela kasu isolatu bat, sistematikoa dela. Gogora ekarri du, Donostiako Udaleko diru laguntza jasotzeko eskaera egiten duten fatxadak berritzeko obretan, ez da beharrezkoa izango Gipuzkoako Eraikuntzako Lan Hitzarmena betetzea, EAJ, PSE eta PPk hala erabaki baitzuten.

LABek dio ez duela onartzen eraikuntza “legerik gabeko sektorea” izatea: "Esplotazioarekin amai dezakegu eraikuntzan. Borondate politikoa badago, lan baldintza duinak bermatu daitezke eraikuntzan, baina langileen eskubideak aurrezki ekonomikoaren gainetik jarri behar dira".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gipuzkoako erraustegia
Jaurlaritzak ez zuen Zubietatik Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioaren berri

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak ez zuen Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioari buruzko informaziorik; hala dio Eusko Legebiltzarrera igorritako dokumentazioan. Gipuzkoako erraustegia kudeatzen duen Ekondakinek lixibiatuak bidaltzen jarraitu zuen, Ecofert enpresak... [+]


2024-01-30 | Uriola.eus
Zorrotzara iritsiko diren lixibiatuak jo-mugan

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak komunikatu bat eskaini du Gipuzkoako erraustegiko lixibiatuak Zorrotzara bidaltzeko asmoaren inguruan.


2023-11-17 | Irutxuloko Hitza
GuraSOS plataformak Zubietako erraustegiaren ikuskaritza bat eskatu du batzar nagusietan

GuraSOS plataformak Zubietako erraustegiarekiko duten jarrera ukatzailea aurpegiratu zieten foru agintariei asteazkenean Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako agerraldian. GuraSOSen bozeramaile eta abokatu Joseba Belaustegik azaldu zuenez, egungo arazoen aurrean beste alde... [+]


Jose Ignacio Asensio ikerketapean dago, ingurumenaren aurkako ustezko delitu batengatik

Ingurumenaren aurkako ustezko delitu bat egin ote duen eta dokumentuak faltsutu dituen ala ez ikertzeko eskatu du Gipuzkoako Fiskaltzak, GuraSOS elkarteak jakinarazi duenez.


Sutea piztu da berriz Zubietako erraustegian

Donostiako suhiltzaileek jakinarazi dutenez, erraustegiko biolehortze-plantan gertatu da ezbeharra.


Eguneraketa berriak daude