argia.eus
INPRIMATU
Ganbila.eus-en euskarazko antzerkiaren webgunea berritu dute
  • Susa argitaletxeak eta EHAZE, antzerkizaleen elkarteak, Ganbila proiektua sortu zuten 2019an. Dimentsio berria izango du hiru atal berriei esker.

Ainara Rodil Jaime 2024ko martxoaren 12a
\'Esnearen kolorekoa\' antzezlana. / Argazkia: Tanttaka teatroa

Ganbila proiektua 2019an sortu zuten euskarazko antzerki obrak argitaratzeko, eta 2022an webgunea sortu zuten antzerkigintzaren inguruko dokumentazio lan osoena biltzeko asmoz.

Atal berrien aurkezpenean, EHZAE-ko ordezkari den Maite Aizpuruak adierazi du, bildumaren atalean 23 liburu argitaratu dituztela aldiz, 167 antzerki obra, 1054 artikulu, 43 antzezlan, 87 teaser eta trailer eta 4 antzezlanen zatiak biltzen dituela oraingoz.

Oier Guillan EHAZE eta Susako kideak eman ditu atal berrien inguruko azalpenak. Estreinaldiak atalak euskaraz estreinatu diren antzezlanen zerrenda eskaintzen du. “Ideia da denborarekin geroz eta atzerago egitea, historikoa osatuz; hau orain arte egin gabeko lan bat zen”, azaldu du Guillanek.

Bigarren atala Egileak da non alfabetikoki ordenatuta autore bakoitzak parte hartu duen antzezlanak eta horietan izan duen lana zerrendatzen diren.

Hirugarren nobedadea Konpainiak atala da. Antzezleekin egin bezala, konpainien direktorioa osatu dute, sortu dituzten edota parte hartu duten antzezlanen zerrendarekin eta horien gainean argitaratu diren artikuluetarako loturekin.

Guillanek euskarazko antzerkigintzaren sektoreak dokumentazio-zentro baten beharra urte luzez aldarrikatu duela ekarri du gogora, “orain arte lortu ez dena eta, kasu honetan, modu digitalean behintzat egiten hasi garena”.