argia.eus
INPRIMATU
Ganadua balira tratatuak
  • Hemen, Europan, urtetako borrokaz lortutako ongizatea mantentzea exijitu eta eskatzen dugun bitartean –eta gauza justua eta beharrezkoa da hori–, 842 milioi pertsona –planetako zortzi biztanletik bat– gosez eta gaitzez hiltzen ari dira. Milioika lagun horietatik ez gutxik, biziraun nahian, euren burua itsasora jaurtitzen dute, bizitza arriskuan jarrita ere.

Juan Mari Arregi 2013ko urriaren 04a
Lampedusan hildakoen gorpuak lehorrean (argazkia: EFE).

Kapitalismoak euren herrian ukatzen dien eguneroko ogi bila doaz, baina aldi berean kapitalismoak herri horiek esplotatzen ditu, Afrikan, Asian eta Hego Amerikan dauden natur baliabideetatik etekin handiak atereaz. Milaka immigrante, kasu gehienetan oso gazteak, Europan euren paradisu berezia bilatzera derrigortzen dituzte… Eta saiakera horretan askok bizitza galtzen dute. Horietako zenbait herioan jasotzen dituzte, baina gehienak ez. Europako itsasoak milaka immigranteren hilerri anonimo bilakatu dira. Lerro hauek idazterakoan 200 lagunek bizia galdu dute eta 150 desagertuta daude Lampedusa irlan itsasontzi batek su hartu eta hondoratzean.

Beste batzuk immigrante trafikanteek berek botatzen dituzte itsasora. Horixe da Siziliako hegoaldeko kostan aste honetan aurkitu dituzten 13 eritrearren hilotzen kasua. Herri hartako alkatea ziur da trafikanteek “itsasora jaurti zituztela, ganadua balira bezala”.

Guk, “pribilegiatu” europarrok, murrizketa larriak jasan ditugun arren –eta logikoa da horien kontra borrokan segitzea–, ezin dugu giza errealitate hori ahantzi, eta odolustea gelditzeko modu solidarioak bilatu behar ditugu, herri haietan gose eta gaixotasunik izan ez dadin. Kapitalismoaren kontra borrokatu behar dugu arlo guztietan, Afrikan, Asian eta Hego Amerikan milioika lagunek jasaten duten esplotazioaren kontra.