Gamesak 155 langile kaleratuko ditu Euskal Herrian, gehienak Nafarroan

  • Siemens Gamesa multinazionalak Nafarroako Sarrigurengo lantegian 91 behargin utziko ditu kalean, Agustinosen 11 eta Orkoienen 4. Bizkaiko Zamudioko zentroan, berriz 48 kaleratze egingo ditu.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza
2017ko azaroaren 23a
Gamesak Sarrigurenen duen zentro teknologikoa (arg: Commons Wikimedia)

Jatorriz arabarra den baina egun Siemensek eskuratu duen Gamesa multinazionalak ostegunean jakinarazi du zenbat lagun utziko dituen kalean Euskal Herrian, mundu mailan egingo duen enplegu murrizketa dela-eta. Denera 155 langile kaleratuko ditu, gehienak Nafarroan (107), baina baita Bizkaian ere (48 lagun). Gipuzkoan ez du kaleratzerik egingo aerogeneradoreak egiten espezializaturiko markak.

Lehendik ere Gamesak iragarrita zuen mundu osoan dituen plantetako 6.000 lagun kaleratuko dituela datozen hiru urteetan –bere plantillaren %20–, eta zehazki horietatik 400 inguru Espainiako Estatuan izango direla –azkenean 273 lanpostu murriztuko ditu, dirudienez–.

Orain emandako datuekin, baieztatu da Euskal Herrian ere eragina izango duela murrizketak: lantaldearen %10 ingururi eragingo dio –guztira 2.000 lagun baino gehiago ari dira Gamesarentzat lanean euskal lurraldeetan–. Nolanahi ere, kaleratze kopurua uste baina handiagoa izan da Zamudion, pentsatzen zenaren ia bikoitza izan ere.

Nork esan du galerak?

Gamesak 135 milioi euroko "galerak" izan ditu azken sehilekoan eta burtsan atzeraka egin du azkenaldian, horrek inbertitzaileak uxatu omen ditu. Argudio hori eman dute multinazionaleko zuzendaritzako kideek langile murrizketa justifikatzeko.

Zerga aurreko 774 milioi euroko mozkinak izan ditu multinazionalak, aurreko urtean baino %18 gutxiago. Hau da, ez ditu "galerak" izan, etekin gutxiago baizik

ELA, LAB eta UGT-FICA sindikatuek aldiz, ezeztatu egin dituzte datu horiek, azaldu dutenez enpresak "inoiz baino etekin gehiago" pilatu du. Azken urtean 11.000 milioi euroko salmentak izan ditu multinazionalak eta zerga aurreko mozkinak 774 milioi eurokoak izan dira, aurreko urtean baino %18 gutxiago. Hau da, ez ditu "galerak" izan, etekin gutxiago baizik.

Azken urteetan Gamesaren goranzko bilakaera ikaragarria izan da, baina hilabete batzuetan joera hori leuntzen hasi orduko murrizketa plan basatia proposatu dute Europako lokomotorako kabinatik: bost langiletik bat kalera.

Sindikatuen esanetan, egungo egoera Siemensekin egindako fusioaren ondorio da. Gero eta garbiago geratzen ari da multinazional alemanak "hartzaren besakarda" emanez "xurgatu" egin duela Gasteizen 1976an sortutako enpresa –egoitza soziala Zamudion dauka egun– eta erabakigunea Euskal Herritik kanpo geratu dela.

 


Siemens Gamesa kanaletik interesatuko zaizu...
2017-11-29 | Ahotsa.info
Gamesako langileek ez dute kaleratzerik onartuko
MULTIMEDIA - erreportajea

Gamesa Siemens-eko langileek kontzentrazioak egin dituzte euren lantokietan bizi duten egoera salatzeko eta argi uzteko ez dutela kaleratzerik onartuko.

Erreportaje hau Ahotsak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra


2017-11-15 | Andoni Mikelarena
20 langile inguru kaleratu nahi ditu Siemens Gamesak Zamudioko plantatik

Oraindik informazio argirik ez badago ere, zenbait iturrik aipatzen dute 20-25 langile kaleratu nahi dituela Zamudioko plantatik. Sindikatuak haserre agertu dira.


Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude