argia.eus
INPRIMATU
Malformazioa ez dela inoiz abortatzeko arrazoitzat onartuko dio orain Gallardonek
Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2014ko uztailaren 02a
“Emakumeari kalte hipotetikoak eragin diezaiokeenean” soilik azter liteke malformazioa abortatzeko arrazoi gisa.

Gallardonek adierazi berri du “emakumeari kalte hipotetikoak eragin diezazkiokeenean” baino ez dela aztertuko fetuaren malformazioa abortatzeko arrazoi gisa. Baieztapen horren bidez, ukatu egin du joan den astean argitaratu zen albistea: Espainiako Gobernuak abortuaren legearen aurreproiektua “leunduko” zuela.

Espainiako Justizia ministroaren esanetan, “minusbaliotasuna ez da pertsona bati eskubideak kentzeko nahikoa arrazoi, ez jaio aurretik ezta jaio ondoren ere”. Gaineratu du inoiz ez direla "lehen eta bigarren mailako herritarrak" ezarriko.

Malformazioaren kasua abortatzeko legezko arrazoietatik kanpo utzita, abortatzeak bi kasutan baino ez du ekarriko zigor penalik; emakumea bortxatua izatean edo haren osasun psikologikoa arriskuan dagoenean.

Malformazioa” eta “minusbaliotasuna” bereizten

Gallardonek “malformazioa” eta “minusbaliotasunaren” arteko bereizketa egin du beste behin. Izan ere, iazko maiatzean Espainiako Senatuan adierazi zuen “malformazio larriak” abortatzeko arrazoi izan zitezkeela, baina “minusbaliotasunak” ez. Ministroak ordea, ez zuen zehaztu zer ulertzen zuen malformazio larritzat eta zer minusbaliotasuntzat.

Azken adierazpenekin, ministroak argitu gabe utzi du legeak zein irizpide jarraituko duen fetuaren malformazioa eta minusbaliotasun kasuak bereizterako orduan.