argia.eus
INPRIMATU
Galizierazko Hedabideen Elkartearen lehen harremanak Talde Parlamentarioekin
  • Sortu berri den Galizierazko Hedabideen Elkarteko (AMEGA) kideak Galiziako lau Talde Parlamentarioen (PP, PSdeG, AGE eta BNG) ordezkariekin bildu dira, kolektiboaren kezka eta aldarrikapenak helarazteko.

Lander Arretxea @larretxea 2013ko uztailaren 18a
AMEGAko kideak Galiziako Alderdi Sozialistaren ordezkariekin bilduta. (Argazkia: praza.com)

Elkartekideek lan-lerro nagusiak aurkeztu dizkiete ordezkari politikoei: galiziera duin egin, sustatu eta bermatzea; hedabideetan erabiltzen dela ziurtatzea; eta sektorea profesionalizatzea. Helburuok lortzeko, hiru legealdi iraungo lituzkeen instituzio eta hedabideen arteko harreman-esparru bat sortzea proposatu du AMEGAk.

Publizitate insituzionala arautuko duen lege berria elkarlanean sortzeko beharra ere aldarrikatu du elkarteak. Egun indarrean dagoen legea 1999an onartu zen, “errealitate mediatikoa guztiz bestelakoa” zenean.

Oro har, Talde Parlamentarioen erantzuna positibotzat jo du AMEGAk, lau alderdietako kideak “entzun eta kolaboratzeko” prest agertu baitira.

Galizierazko Hedabideen Elkartea 15 hedabidek osatzen dute, eta maiatzaren 17tik ari da lanean.