Galizieraren defentsarako eta erabilera bultzatzeko mobilizazioak arrakastatsuak izan direla adierazi du Queremos Galego plataformak, eta Galiziako Xuntari hizkuntzarekiko konpromiso gehiago izatea eskatu dio.
Milaka pertsona batu ziren joan den maiatzaren 17an Queremos Galego plataformak deitutako mobilizazioetan. Galizierazko Letren Eguna izan zen, eta galizieraren erabilera bultzatzeko eta hizkuntzaren defentsan aurrerapausoak emateko mobilizatu ziren. 'Nahiz eta busti, galiziera ez da txikitzen' oihukatu zuten manifestariek Santiago de Compostelan, euri zaparrada bota baitzuen, eta 'Galizieraz orain eta beti' izan zen mobilizazioaren leloa.
Horrez gain, mobilizazioaren aurretik, galizieraren etorkizuna aldarrikatu zuen Marcos Maceirak, Queremos Galego plataformaren bozeramaileak eta Hizkuntzaren Normalizaziorako Mahaiaren presidenteak. Gizartearen mobilizazioak azken urtean izandako arrakastak nabarmendu ditu Maceirak, eta Xabarín iniziatibari esker, laster Netflix galizierara bikoizten hasiko dela adierazi du.
Bestalde, Galiziako Justizia Auzitegi Gorenaren sententzia goraipatu du, eta "historikoa" dela gehitu du; sententzia honi esker, administrazioa behartuta dago galizieraren erabilera bermatzera. Hala ere, autoritate publikoen aldetik aurkakotasunak daudela dio.