Galiziera hiztunek pairatzen dituzten eskubide linguistikoen bortxaketak txosten batean biltzen ari da A Mesa pola Normalización Lingüística erakundea UNESCOn aurkezteko. Txostena egiteko kultur aniztasunaren aldeko erakunderekin harremanetan jarriko dira.
“Galizieraren aurka egindako erasoez jabetzeko egingo dugu salaketa”, adierazi du Carlos Callonek, A Mesa-ko presidenteak. “Salaketaren bitartez gobernuak legeak betearaztea nahi dugu”. Iniziatiba azaroa baino lehen prest egotea espero dutela jaso dute Praza Pública webgunean.
Callon galizieraren egoeraren aurrean kezkati agertzen da. Txostena ahalik eta hizkuntza gehienetara itzultzen saiatuko dira eta horretarako instituzioen lankidetza eskatu dute, “Galizian gertatzen ari dena mundu osoan zehar zabaltzeko”.
Antzeko txostena aurkeztu zuten UNESCOn duela 60 urte, 1954. urtean. Francoren diktaduran hizkuntzak jasandako jazarpenak salatu zituzten eta “pertsona orok norberaren hizkuntza instrumentu kultural bezala erabiltzeko eskubidea” aldarrikatzen zen bertan.