Inkestek aurreikusia bete da Galiziako hauteskundeetan: Espainiako PP Alderdi Popularraren gotorleku garaiezin izaten jarraitzen du Galiziak Alberto Nuñez Feijoo presidenteari 12 urte pasa arren berriro gehiengo absolutua eta, horri ifrentzu eginez, oposizioan PSOEren sukurtsal galegoari aurrea hartu dio BNG ezkerreko alderdi abertzaleak.
Galizia PP eskuindarrari kenduko dionik ez da sortu, oraindik bederen. Alberto Nuñez Feijoo presidenteak lortu du berriro gehiengo absolutuz irabaztea hauteskundeak, 42 aulki eskuratuz parlamentuan. Aldatuko dena ez da presidentea, oposizioko burua baizik: PSOEren Galiziako adarrari alternatibaren irudia izatearen nagusitasuna kendu dio BNG alderdi abertzale ezkertiarrak. Galiziako legebiltzarretik kanpo geratu dira bai Galicia en Comun eta bai Marea Galeguista ezkerretik eta bai Vox eta Ciudadanos eskuinetik.
Baliteke Compostelatik Nuñez Feijook aurreko politikaren jarraipena egitea legealdi berrian baina erabat aldatu dena da oposizioaren panorama Galizian. 2016ko hauteskundeetan oraingoen antzeko eserleku kopurua eskuratu zuen PPk, 41, horretan aldaketa gutxi. Baina bigarren indarra zen Marea (Podemos, Esquerda Unida eta Anovak osatzen dutena) 14 jarlekurekin eta lau urte beranduago indar hori dena ezerez absolutuan geratu da: taldea bitan banatzetik hasita (En Comun da Esquerda batetik 9 eskainurekin, Marea bestetik 5ekin...) oraingoan jarleku bakar bat ere ez lortzeraino jaitsi dira, nekez aurkituko da inguruetan neurri horretako porrotik.
Horiekin batera geratu dira legebiltzarrean diputatu bakar bat sartzea lortu barik bai Ciudadanos eta bai Vox.
2016ko hauteskundeek 14 jarleku eman zizkioten PSdeG-PSOEri, eta horietxek dira aurten ere lortu dituenak. Baina En Marea lehertzeak sozialistei eman badie urte batzuetan Galiziako legebiltzarrean oposizioaren buruzagitza, 2016an laugarren indarra (6 diputatu) lortu zituen BNG abertzale ezkertiarrari eman diote: 19 diputatu.
Parlamentuan ordezkari kopurua hirukoiztu izana ez da lider politiko askok bere curriculumean erakutsi dezakeen marka eta alder horretatik esan daiteke hauteskundeok ezkerreko nazionalismo galegoaren iruditzat kontsagratu dutela Ana Ponton. Berak irudikatzen du BNG minoriatik galiziar askok alternatibatzat onartzera eraman duen estrategia.