argia.eus
INPRIMATU
“Galiziako nazionalistek estatu propioa eskatzen dute orain, aldaketa garrantzitsua da”
  • Igandeko manifestazioaren atarian, Rodri Suarez kazetari eta analista politiko galiziarra elkarrizketatu zuen Unai Brea ARGIAko kazetariak. BNGk antolatutako ekimenaren inguruan egin zituen adierazpenak ekarri ditugu hona:

ARGIA @argia 2013ko irailaren 16a

“Zaila da ulertzen ‘Galiza pola soberania’ plataforma [BNG horren barruan dago] sortu eta aste gutxira BNGk bere kabuz burujabetzaren aldeko manifestazioa antolatu izana. Plataformako gainontzeko kideei ez zaie ondo iruditu. Egia da uztailaren 25ean egitekoa zena tren istripuarengatik bertan behera geratu zelako antolatu dutela, baina errezeloak eragin ditu”.

Independentzia ez, burujabetza bai

“BNGk ez du oraindik independentzia hitza erabili. Dokumenturen batean agertu da gure independentzia nazionala lortu esaldia, baina ez dago argi oraindik BNGk zer nahi duen. Argi dagoena da Galiziako errepublikaren sorreraren aldekoak direla. Baina zer esan nahi du horrek? Horrek ez du federalismoaren aukera baztertzen. Izan ere, nazionalismo galiziar klasikoaren nahia Portugal barne izango duen federalismo Iberiarra izan da”.

“Beraz, ez da manifestazio independentista, baina 20 urtez hainbat nazioko Espainiar estatu bat aldarrikatu ostean, estatu propio bat eskatzen da orain, eta aldaketa garrantzitsua da. BNGkoek beti aderazi dute autodeterminazioaren alde daudela. Egia da, baina mediatikoki eta herritarrei iristen zitzaien mezuari dagokionez, ez da hala izan oraintsu arte.

“Manifestazioaren leloa ‘Galizia burujabetzaren alde’ bada ere, azken egunetan, afera sozialarekin nahasten saiatu dira. Deialdiaren prentsaurrekoan afera nazionala zen nagusi, baina ikuspegi soziala gehitu diote pixkanaka. Ez naiz sartuko zer lehenetsi behar den baloratzera, baina argi dago biek lotura estua dutela. BNG eta Anovaren [BNGren eszisio bat da Anova] arteko ezberdintasun nagusia hori da, azken hauek afera nazionala bigarren mailakoa dela uste dutela eta BNGk ez”.