Galiziako gazte eragile independentista eta ezkertiarrek bat eginda manifestazioa deitu dute independentziaren alde. Iazko uztailaren 24an antolatu zuten lehenengo aldiz mobilizazio bateratua, Espainiako Estatuaren, kapitalaren eta patriarkatuaren aurka eta independentziaren alde. Aurten ere egun berean egingo dute mobilizazioa Santiago de Compostelan.
AGIR, AMI, BRIGA, Comités, Galiza Nova, Isca!, LEG eta Xeira gazte eragileek hilaren 1ean egindako prentsaurrekoan eman dute mobilizazioaren berri. Independentziaren alde egiteaz gain, abortuaren lege erreformaren, biolentzia matxistaren, LOMCE legearen eta “Prestige” auziaren sententziaren aurkako mobilizazioa ere izango dela adierazi dute.
Iazko esperientzia errepikatzea erabaki dute, deitzaileen ustez gazteriaren egoerak okerrera egin duelako. Horren erakusgarri diren zenbait datu eman dituzte, besteak beste, 27.000 gaztek alde egin behar izan dutela beren herritik, gazteen langabezia-tasa %35 ingurukoa dela eta bost gaztetik batek baino ez duela gurasoen etxetik ateratzeko aukerarik.
Horrekin batera, emakumeen erabakitzeko eskubidea kolokan geratu dela adierazi eta aurten honezkero zazpi emakume erail dituztela azpimarratu dute. Gogora ekarri dute LOMCE legeak aurrera dirauela eta “Prestige” kasua erantzule politikorik gabe geratu dela.
A mocidade mantendo viva a Galiza. Independência! lelopean (Gazteriak Galizia bizirik mantentzen du, independentzia!) egingo dute mobilizazioa hilaren 24an. Gazte eragileek galizieraz plazaratutako prentsa oharra Herrikolore.org webgunean dago irakurgai.