argia.eus
INPRIMATU
Noelia Sánchez Jenkins, gales irakaslea Patagonian
“Galesak bizirik dirau Patagonian”
  • Zerk lotzen ditu Galesko muino berdeak eta Patagoniako basamortu hotzak? Bada, hil nahi ez duen hizkuntza batek. Noelia Sánchez Jenkinsen arbasoak 1865ean lehorreratu ziren Patagonian (Argentina). Galesetik iritsi ziren, britainiarrek inposatutako zapalkuntzatik ihesean. “Gales kanpoko Gales txiki bat” eraikitzea zuten helburu. Horrela adierazi zuten orduan.

Mara Altuna Díaz 2025eko uztailaren 18a
Andeetako gales hizkuntzaren zentroko ikasleak. Beren eskuetan dago hizkuntzaren etorkizuna. N. Sánchezek utzia.

Abenturazale horien artean Aaron eta Rachel Jenkins zeuden. Bikoteak denetarik pairatu behar izan zuen bi hilabeteko zeharkaldi hartan. Gogorrena, baina, bi semeetako bat galtzea izan zen: hiru hilabeteko haurraren gorpua itsasora bota behar izan zuten. Haren anaia, Richard, onik atera zen. Historia bere hereniloba Noeliak azaldu digu, Esquel bere herritik.

Mende eta erdi geroago, 31 urteko gazteak arbasoen hizkuntza ikasi zuen, etxean ez zuen jaso-eta. Hizkuntza zeltari eustea ez zen erraza izan, baina Noeliak gogotik eutsi zion, eta 2017an Galesera eraman zuen beka batek. Irakasle ikasketak bukatu eta Patagoniako Trevelin herriko eskola elebidunean hasi zen irakasle. Jakin badaki galesa hauspotzea erronka amaigabea dela.

Uztail honetan 160 urte betetzen dira gales haiek Patagoniara iritsi zirenetik. Noelia iraganaz, orainaz eta etorkizunaz mintzatu da ARGIArekin.

Zenbat gales hiztun zarete Patagonian?

Ez dakigu kopuru zehatzik. Errolda bat egin zen 2015ean, lehorreratzearen 150. urteurrena ospatu zenean. Galdeketak 5.000 pertsonako kopurua eman zuen probintzia osoan, baina ezin izan zen jende guztiarengana iritsi. Pandemian, Argentinako beste probintzia batzuetako gales arbasoren bat zuten askok sustraiekin konektatu nahi izan zuten, eta online ikasten hasi ziren. Horrek ere fruitua eman zuen. Esaterako, batzuk Amerikako Estatu Batuetatik konektatzen zuten Esqueleko Hizkuntza Zentroarekin. Horietako batzuek maila aurreratua zuten, baina aipatu bezala, ezin dizut hiztun kopuru zehatzik eman.

Zertan bereizten dira Patagonia eta Galesko galesak?

Galesera joaten garenean rock izar sentitzen gara. Jendea niri galesez entzutean beti harritzen da. Errepikakorra izaten da “azentu arraroa duzu” hori, bai eta “nongoa zara?” galdera. Patagoniarra izateak galesen arreta eta jakin-min handia pizten du.

Noelia Sànchez Jenkins Galesen, bere arbasoek atzean utzitako auzoan. Liverpooletik aterata, Patagonian lehenengo lurreratu zen ‘Mimosa’ ontziko tripulatzaileak izan ziren. N. Sánchezek utzia.

Hizkuntzalariek galesaren hiru aldaera sailkatu dituzte: iparrekoa, hegoaldekoa eta Patagoniakoa. Zuena ikasi eta irakasten duzue?

Guk gales normatiboa irakasten dugu. Patagoniako aldaera probintziako adineko jendeak baino ez du mantendu, 70 edo 80 urtetik gorakoek. Besteok gaztelaniak eragindako azentu berezi bat besterik ez dugu. Hizkuntzalariek gehien nabarmentzen dutena zera da; guk ez ditugula hizkuntzak nahasten: galesez hitz egiten badugu, galesez baino ez dugu hitz egiten, ez dugu gaztelaniazko hitzik erabiltzen. Galesen, berriz, oso ohikoa da ingelesaren maileguak edota hitz solteak erabiltzea. Gurea ingelesetik gertu ez dagoenez eta, aldi berean, gaztelaniatik hain urruti, gales “hutsa” ematen du Galestik datorren norbaiten belarrietara; kosta egiten zaie sinestea horrela, “hain garbi”, mantendu izana gurean. Halakoetan jabetzen dira ezin dutela ingelesezko hitzik txertatu, hemen ez baitituzte ulertzen. Adibidez, galesez gidatu gyrru esaten da hemen. Galesko galesez, aldiz, dreifio erabiltzen dute, ingelesezko drive hitzetik eratorria. Gyrru hitza, seguruenik, ulertezina izango litzateke beraientzat.

Gaztelaniak galesean eragina izan omen du, baina lehen kolono haiek bertako hainbat herri eta triburekin izan zuten harremana. Hizkuntzan ba al dago horren arrastorik?

Galesak ez ziren kolonoak izan, ez ziren etorri euren hizkuntza eta ohiturak bertakoei inposatzera. Beren jatorriko lurraldean ez zegoen bizitzerik, horregatik zeharkatu zuten itsasoa. Egia da jatorrizko komunitateekin harremanetan egon zirela, baina ez nuke esango aldaketa handirik sortu zuenik gure galesean. Gaztelaniarena izan da eragin handiena, beti. Jatorrizko herriekiko harremana bizikidetzakoa eta trukekoa izan zen. Adibidez, tehueltxeek galesezko hitzak ikasi zituzten: ogiari, esaterako, bara deitzen diote. Poncho Mangi izeneko dokumentalean kontatzen da hori. Neska gales bati pontxo bat oparitu zion tehueltxe buruzagi batek. Bi kulturen arteko harreman onaren sinboloa da.

Zeintzuk dira zuen hizkuntza bizirik mantentzeko zailtasun nagusiak?

Pisu nagusia eskoletan dago, eta hiru baino ez ditugu probintzian. Programak egon dira hizkuntza hobetzera joan nahi duen jendearentzat, gero bertan irakatsi ahal izateko. Batzuek oporrak lez hartu zuten aukera hura eta, itzultzean, ez zuten sinatutakoa bete. Gauzak horrela, gutxi gara oraindik irakasteko gai garenok. Zailtasun nagusia giza baliabideak dira. Orain, gure eskolak bigarren hezkuntza ere eskaintzen du. 6-18, adin tarte horretan hizkuntza irakastea bermatu behar da. Bukatzean ez dute gales jario oparorik bereganatzen, baina hizkuntzaren oinarri sendoa dutelakoan nago. Horrek aukera ematen die bekak eskuratzeko edota beste ate batzuk jotzeko. Eta ez dezagun ahaztu galesa, hizkuntza “txikia” dela. Askotan entzun behar izaten dugu galdera hau: “Zertarako balio du galesak?”.

Noelia eta bere ama Trevelinen, Chubuteko Fontana gobernatzailearen (bertako lehen gobernatzailea) eta fusilari galesen ibilaldi historikoa ospatzen.  N. Sánchezek utzia.

Eta zertarako balio du?

Galesak beste espazio eta komunitate batzuetara eraman zaitzake. Ez dago leku batera iristeko modu hoberik, bere hizkuntza hitz egitea baino. Norbaiti bere ama-hizkuntzan hitz egiterakoan, edo saiatzeko ahalegina egitean, komunikatzeko modua aldatzen da.

Dena den, ezin ukatu ingelesarekiko miresmena.

Hala da. Jende orok ikasi nahi du. Eskolan ingelesa irakasten dugu eskolako curriculumaren parte delako, baina gure erroa galesa da. Baliabide gehiago izan ezean, ordu gehiago izango ditugu galesez ingelesez baino, azken hau ikasteko oso eskaintza zabala dago eta.

Zenbat eskola daude Patagonian?

Chubut probintzian galesa-gaztelaniazko hiru eskola elebidun daude: Gaiman herrian bat, Trelewen bat eta Trevelinen beste bat. Nik azken honetan egiten dut lan. Nire herritik, Esqueletik, 22 kilometrora dago. Curriculuma Argentina osorako bera da, baina galesari eta gales kulturari eskainitako orduez osatzen da. Trevelinera, esaterako, hiri handietako jendea etortzen da, Buenos Airesen ez duten lasaitasunaren bila. Haurrak eskolan matrikulatzen dituzte eta galesa ikasten dute bertan. Etxean, gurasoek eskerrik asko edo mesedez bezalako oinarrizko hitzak erabiltzen dituzte. Gales hiztunen belaunaldi berriez ari gara, familian hizkuntzarekin loturarik izan ez dutenez.

Ba al duzue baliabide nahikorik galesa ikasi nahi dutenentzat?

Galesetik datorkigu dena. Guk Bangorreko Unibertsitateak bidaltzen dizkigun liburuak erabiltzen ditugu. Galesa irakasteko programa bat dute eta Patagonia barne hartzen du. Bestela ere, harreman zuzena dago Galesko errealitatearekin. Gazte askok unibertsitate bekak jasotzen dituzte, edo elkar-trukerako nahiz boluntariotza egitasmoetan parte hartzen dute. Etxera itzuli eta euren esperientzia kontatuko dute, eta kontaktua mantenduko dute gurekin urteetan zehar. Batzuk kazetari bilakatu dira, eta Galesko BBCrentzat lan egiten dutenak ere badaude. Egun, galesezko irratsaio bat dugu, eskolan irakasten duen irakasle gales batek gidatutakoa. Ez da erabat galesez egiten, oso gutxirengana iritsiko ginatekeelako. Gaztelania ere erabili beharra dugu, jende gehiagorengana iritsi ahal izateko. Entzuleak maitemintzea dugu helburu. Haiek hizkuntza ikastea izango litzateke hurrengo pausoa.

Esquel, Chubuteko ipar-mendebaldeko hiria.  N. Sánchezek utzia.

Argentinako Gobernuaren laguntzarik jasotzen al duzue hizkuntza garatzeko?

Ez. Helburua hemen hezkuntza publikoa sustatzea da. Eskola pribatua bada, komunitatea arduratuko da, eta hori gertatzen da bai gureekin, bai italiera edo beste edozein hizkuntza irakasten dutenekin. Pribatua denez, bakoitzak kudeatu behar ditu baliabideak. Probintziako gobernuak irakasleen soldatak ordaintzen lagun dezake, baina ez dago programa zehatzik. Onena litzateke Galesetik irakasleak etortzea eta gu harantz joatea elkar-truke batean, baina ez da gertatzen.

Galesek ez du laguntzen?

Bai. Besteak beste, lehen aipatu dudan programa hori dago. Irakasle bat bidaltzen dute urtero hona. Nire eskola pribatua denez, oso lagungarria da handik datorren irakasle bat edukitzea. Milioi bat gales hiztun lortzea helburu duen beste proiektu bat dago. Patagonia ere hartzen du barne, Galesen eta Chubuten baino ez baita egiten galesez. Horregatik, hemen zenbat hiztun garen jakin beharra dugu.

Nolakoa izan ohi da belaunaldien arteko transmisioa zuenean?

Jatorrizko hiztunen belaunaldia aitona-amonena izango litzateke, 70 urtetik gorako pertsonak. Haiek ez zieten seme-alabei hizkuntza transmititu. Zergatik? Aitona-amonak eskolara joan zirenean, ez ziren gai gaztelaniaz hitz egiteko. Nire aitonari ere hala gertatu zitzaion. Barre egiten zioten, bai ikaskideek, bai irakasleek. Ez bazenuen gaztelania hitz egiten, ez zenuen hezkuntzarako sarbiderik. Pentsa maputxe edo tehueltxe hiztunak... Haientzat are okerragoa izan zen. Gero, berpizkunde moduko bat gertatu zen gure belaunaldian, sustraiekin topo egin nahi zuen 40 urte baino gutxiagoko jendearena. Amak handitan ikasi behar izan zuen galesa; aitonak esan zion ahaztu egin zitzaiola. Gezurra zen, jakina. Trauma handi bat zuen, ez besterik.

Aaron eta Rachel Jenkinsi omen egiten dien plaka, Trelewen. Horiek izan ziren Chubut ibaia ureztatzeko kanalak sortu zituzten galesak.  N. Sánchezek utzia.

Maputxeak aipatu dituzu. Zein da euren hizkuntzaren egoera?

Gutxiengoa dira. Asko sufritu dute, eta batzuek jatorrizko herri batekoak direla esateko ere lotsa sentitzen dute. Maputxe komunitate bat dago hemendik gertu. Hizkuntza helduenek soilik hitz egiten dute, eta ez dute erreleborik. Probintzia honetan, egon badago tehueltxe komunitate bat. Hizkuntza amona batek baino ez daki. Hiltzeko zorian dauden hizkuntzez ari gara.

Zein etorkizun du Patagoniako galesak?

Eskolak dira ardatza. Galesa hitz egin edota ikasi nahi duten haurrak dauden bitartean, helduek ere mezua zabaltzen lagun dezakete. Hori pentsatzeak lasaitua ematen dit, nire buruari esaten diot hizkuntza landatzen jarraitzen dugula. Gutxi ematen badu ere, horrek desagerpena saihestuko du. Uste dut hizkuntza biziberritze prozesu bat sor daitekeela. Momentuz, galesak bizirik dirau Patagonian.

Zergatik uste duzu garrantzitsua dela hizkuntza gutxitu bat bizirik mantentzea, areago bere jaioterritik hain urrun egonik?

160 urte geroago eztabaida hau izaten ari gara. Hizkuntza babesteko ahaleginean ari garela entzuteak hunkitzen nau. Hala ez balitz, muzin egingo genion gure arbasoek egindako ahaleginari. Imajinatu dezakezunez, Patagonia bezalako leku idor batean hutsetik hastea ez zen erraza izan. Baldintza haietan bidaiatzera arriskatu zirenen ahaleginari muzin egitea bezala litzateke. Hizkuntza galtzea dena galtzea litzateke, kultura, historia… bai eta haien ondarea ere.

 

Gales kanpoko Gales txikia

XIX. mendearen erdialdean, 153 gales munduaren beste muturrerantz itsasoratu ziren. Patagoniarako itsas-bidaia hark Britainiar Handiaren kate zapaltzaileetatik askatzea zuen helburu. Londresek, hizkuntza irakastea debekatzeaz gain, erabilera guztiz debekatu zuen. Eskoletan Welsh not araua ezarri zen, Hego Euskal Herriko eskola frankistako eraztunaren eta Ipar Euskal Herriko antia-ren zigorraren parekoa: galesez hitz egiten zuen oro zigortu egiten zen.

Londresetik urrun, abenturazaleak euren kultura eta hizkuntza garatu eta babesteko aukera izango zutelakoan zeuden. Ingalaterraren botere politiko eta ekonomikoak zapalduta, galesen bizimodu eta identitatea mehatxupean zeuden: lurrak eta lana atzerritarren eskuetan zeuden, eta galesaren erabilera debekatuta zegoen, bai eskolan bai espazio publikoetan. Egoera honen aurrean, Michael D. Jones predikatzaileak “Gales kanpoko Gales txikia”ren ideia sustatu zuen. Lurralde berrian, galesa aske eta duin biziko zen. Argentina lurralde hutsetarako kolonoen bila zebilela, galesek Patagoniako Chubut ibarraren berri izan zuten. Lur urruna eta basatia zen eta britainiar inperioaren adarretatik at zegoen. Itsasoan bi hilabete igaro ondoren, 1865ean lehorreratu ziren lehen kolonoak, Puerto Madrynen, hain zuzen. Handik barnealdera jo zuten, eta Chubut ibaiaren ertzean finkatu zituzten komunitateak, zeinak egun Trelew eta Gaiman inguruan bizirik dirauten. Hala ere, promestutako lurrak ez ziren irudikatutako paradisua: basamortu hotz eta idorra, ur eskasiak eta eguraldi gogorrak zigortutako ingurumenarekin egin zuten topo. Bertako herri indigenekin –tehueltxeekin eta maputxeekin– elkarlana ezinbestekoa izan zen bizirauteko. Aldi berean, hizkuntzak komunitatearen ardatza izaten jarraitu zuen elizan, eskolan eta familia giroan. Mende eta erdi igaro da ordutik. Lehorteek, migrazioek eta globalizazioak, besteak beste, hizkuntza mehatxatu dute, baina bizirik dirau oraindik Patagoniako zenbait komunitatetan. Hizkuntzalarien aburuz, galesak hiru aldaera ditu: iparrekoa, hegoaldekoa eta Patagoniakoa. Hizkuntza minorizatu baten biziraupenaren eta berpizkundearen lekuko eta partaide dira gaur egungo Patagoniako galesak. Galesa eskoletan irakasten da eta kultura berpizte prozesu batean murgilduta dago. 2015ean, koloniaren 150. urteurrena ospatu zuten, eta galesen historia eta hizkuntza indartzeko ahaleginak ugaritu dira.