ETArekin lotura zutela argudiatuta, Espainiako Auzitegi Nazionalak ukatu egin die GALeko hainbat biktimen senideei kalte-ordainak jasotzeko aukera.
GALen hogei biktimen senideek jarritako helegitea atzera bota du Auzitegi Nazionalak eta ukatu egin dizkie kalte-ordainak. Espainiako Gobernuak ordainketak eten ondoren jarri zuten helegitea.
Epaiak aintzat hartu ditu indarkeria eta biktimen inguruko Europako hitzarmena eta PPk hori baliatuz egindako lege aldaketa. Biktimak indarkeria erabili duela edo indarkeria delituak egin dituen erakunde baten partaide izan dela egiaztatuz gero, kalte-ordainik ez jasotzea ahalbidetzen du Europako hitzarmenak. Auzitegi Nazionalak dio helegitea jarri duten senideen kasuan, biktimek ETArekin lotura zutela, eta ondorioz ez dagokiela diru-laguntzarik.
Epaiak, Angel Etxaniz Egin egunkariaren sortzaileetako baten senideei baino ez die onartu kalte-ordainak jasotzeko eskubidea. 1980an hil zuen Batallón Vasco Español talde paramilitarrak.