argia.eus
INPRIMATU
‘Galdutako objektuak’, Mikel Zabalzaren inguruko dokumentala abian
  • 30 urte igaro dira Guardia Zibilak Mikel Zabalza orbaizetarra Donostian atxilotu eta 20 egun geroago hilik agertu zenetik. Bere kasuarekin lotutako informazioa bildu nahi dute Galdutako objektuak dokumentalean, ezagutzen dutenei gogorarazi eta ezagutzen ez dutenei kasuaren berri emateko.

Garazi Zabaleta 2015eko ekainaren 16a

Ahotsa.info, Eguzki Bideoak, Piztu.info eta Filmotek-ek bultzatu dute proiektua, beste hainbat norbanakoren laguntzarekin. Zabalzaren kasuaz gain, historian Euskal Herrian izandako torturaren inguruan ere ariko da dokumentala.

Miguel Angel Llamas Pitu Ahotsa.info-ko kazetariak Info7n adierazi duenez, “memoria historikoa” egitea da dokumentalaren helburu nagusietako bat, “ez hanka ez buru ez duen” bertsio ofizialaren aurrean bestelako kontaketa egitea.

Zabalzarekin batera atxilotutako beste kideek tortura gogorrak salatu zituzten, eta Intxaurrondoko kuartelean bere oihuak entzun zituztela adierazi. Zantzu guztiek adierazten dute galdeketetan jasandako torturapean hil zela Zabalza.

Dokumentalaren izenburuak Zabalzaren ama komisaldegira semeaz galdezka joan zenean poliziek emandako erantzunari egiten dio erreferentzia: “Bila ezazu galdutako objektuetan”.

Katakrak Iruñako liburudendan egin dute proiektuaren aurkezpena, eta bultzatzaileek adierazi dutenez 2016ko irailerako amaitua egotea aurrikusten dute.