argia.eus
INPRIMATU
Galdeketak egingo dituzte Urola Kostako zortzi herritan maiatzaren 7an
  •  “Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?” galderari erantzun beharko diote Urola Kostako ondorengo herrietan: Azkoitia, Aizarnazabal, Errezil, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaiako herritarrek. Maiatzaren 7an jarriko dituzte hautetsontziak.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2016ko abenduaren 14a
(Arg.: Aritz Mutiozabal)

Herri bakoitzeko talde eragileak lehen pausoak ematen ari dira Gure Esku Dagoren babesarekin. Talde bakoitzaren aurkezpenak egin ondoren Xabier Euzkitze  eta Idoia Alberdi kazetariek eman zuten galdera eta dataren berri Zarautzen “#IzanOlatua” leloarekin eginiko ekitaldi bateratuan.

Oreka TX taldearen txalaparta soinuekin hasi zen ekitaldia. Ondoren, bi aurkezleek hartu zuten mikrofonoa. Urola Kostako herritarrei, ia 60.000, “hitza hartzeko ordua” iritsi zaiela azpimarratu zuten. Erabakitzeko eskubidea ekainean gauzatu zuten azpeitiarren “lekukoa” hartu dutela adierazi zuen Euzkitzek. “Olatura” gehitu diren zortzi herriek urrian hartu zuten erreleboa, Azpeitian eginiko ekitaldian.

58.032 biztanle dira maiatzaren 7an bozkatzera deituak dauden herrietako biztanleak. Urola Kostan pausoa emango duten herrien erdia 5.000 biztanletik gorakoak dira eta galdeketen antolatzaileentzat parte hartzea ahalik eta handiena lortzea izango da erronka nagusia. “Badakigu herri honetan aldaketarako eskaria badagoela, eta behingoz jakin nahi dugu zenbat garen”, azaldu zuten aurkezpenean.

Sinadura bilketa lehenik

Galdeketak aurrera eraman ahal izateko lehen pausoa sinadura bilketak dituzte herrietako talde eragileek. Gutxienez herri bakoitzean erroldatuta dauden biztanleen %10en babesa eskuratu behar dute galdeketa aurrera eramateko.

Ekitaldian bertan hasi ziren sinadurak lortzen, herri bakoitzeko ordezkariek eman baitzituzten lehenak. Guztiak eszenatokira igo ondoren eman zuten aurkezleek data eta galderaren berri. Ordezkarien artean, Joanito Dorronsoro bertso eskolen sortzailea, Jesus Mari Olaizola Txiliku idazlea, Oihana Blanco judoka, Juan Unanue Goenatxo harrijasotzailea eta Idoia Arrieta historialaria igo ziren oholtzara. Ekitaldiari amaiera Maddi Gallastegi eta Jon Maia bertsolariek eman zioten bertso banarekin.

2017an ehundik gora galdeketa

2017an 113 herrik emango dute galdeketarako pausoa. Guztira 520.000 biztanle bizi dira horietan. Etxarri Aranatzen 2014an egin zen lehena eta ordutik 38 izan dira hautetsontziak jarri dituzten herriak. Denera 130.000 herritar baino gehiagok hartu dute parte orain arte. Euzkitzek olatu horri bultzada emateko deia egin zuen: “Erakutsiko dugu merezi dugula gure etorkizuna erabakitzea”.