argia.eus
INPRIMATU
Galdakaok gaztetxe berria du
  • Larunbatean jabetu ziren gaztetxea bilakatu duten espazioaz. Okupazioa gauzatu duten asteburu berean jasandako jazarpen polizialaren berri eman dute astelehenean.

ARGIA @argia 2019ko maiatzaren 07a
(Argazkia: Jon Gomez Garai)

Ortuondo gaztetxearen eraisketaz geroztik ez dute izan gaztetxerik Galdakaon. Autogestionatutako espazio baten beharraz jabetuta, eztabaida eta dinamiketan jardun dute azkenaldian, eta prozesuak gaztetxe berria okupatzera eraman ditu. Zapatuan, gazte egunaren ospakizunaren baitan, gaztetxea okupatzeko pausua eman zuten.

Gazte egunean bertan hasi ziren poliziaren jazarpena pairatzen. Prentsaurrekoan azaldu dutenez, larunbat gauean Galdakaoko Udaltzaingoa gerturatu zen, kideetako bat identifikatu nahirik. Hauen ostean, ertzainak etorri ziren espazioaren jabearekin, baina tarte batez “ateak begiratzen” jardun ostean alde egin zuten. Igande goizean, baina, bueltatu egin ziren ertzainak, jabeak salaketa jarri zuela jakinaraziz eta kide bat identifikatu zedin eskatuz. Inor identifikatzea lortu ez bazuten ere, arratsaldean berriz gerturatu ziren espaziora, bertan ziren guztiak identifikatzeko agindua zutela esanez. Gaztetxeko kideek jakinarazitakoaren arabera, ez zuten inor identifikatu.