argia.eus
INPRIMATU
Galdakao-Usansoloko eta Gernika-Lumoko ospitaleetako “prekaritatea” salatu du ESK-k
  • Sindikatuak adierazi du bi ospitale horietan behin-behinekotasunean daudela langile gehienak, eta ordezkapenak ez direla bermatzen; ondorioz, langileen lan-karga areagotzen dela. Gehitu du larrialdi zerbitzuetan “gainkarga” dagoela.

Maria Ortega Zubiate 2025eko ekainaren 25

ESK sindikatuak alarma piztu du Bizkaiko bi ospitaleren egoera dela eta. Sindikatuak ohartarazi du Gernika-Lumoko eta Galdakao-Usansoloko ospitaleetan prekaritatean egiten dutela lan osasun langileek: 70 langiletik hamaseik baino ez dute kontratu finkoa. Egoera horri gehitu dio ordezkapenik ezin dela egin, eta langileek hartu behar dutela falta direnen lan-karga.

Bi ospitaleak albiste izan ziren pasa den astean ere, Osakidetzak berak kaleratutako ohar batean. Bertan, zuzendari medikoak dimisioa aurkeztu zuela azaltzeaz gain, Osakidetzak adierazi zuen larrialdi zerbitzuetan baja kopuru “altua” dagoela, baina “uneoro” dagoela bermatuta arta.

Hain zuzen ere, ESK-k dio lan-baldintzek eragina dutela edozein langileren osasun psikosozialean, eta lan-baldintzak ez beste ezerk baldintzatzen dutela plantillen ausentzia: “Langileen osasun psikosoziala babesten duten lan-baldintzak betetzen ez diren bitartean, lanpostu jakin batzuk betetzeko zailtasunekin jarraituko dute”.

Uda sasoia ere aipatu zuen Osakidetzak bere oharrean, langileen oporraldiak eta ordutegi aldaketak direla eta, berregituratze lanetan ari direla zioen. Hori ere izan du gogoan ESK sindikatuak, izan ere, udan kontsultategiak itxi eta ordutegiak murrizteak, besteak beste, eragina du larrialdietara joaten diren paziente kopuruan, azaldu duenez. “Aurrekaririk gabeko” pertsonal fakultatibo medikoaren eskasia du Osakidetzak lehen arretan, hori dio sindikatuak; eta, ondorioz, larrialdiak “gainezka” daude.

Hori horrela, lan-baldintza duinak aldarrikatu ditu sindikatuak. “Biztanleek merezi duten kalitatearekin eta segurtasunarekin jaso behar dute arreta, eta, horretarako, arreta ematen dieten profesionalak zaindu behar dituzte”.

Galdakao-Usansoloko ospitaleak Bizkaiko barrualde osoari eskaintzen dio zerbitzua. Are, Gernika-Lumokoa bere ESIaren parte da. Hori horrela, guztira 300.000 biztanle baino gehiago artatzeko tokiak dira.