Joan den ostiralean jakin zen Ibon Fernandez Iradi euskal presoaren kondena-suspentsioa onartu zuela epaitegiak, baina aske geratzea zailtzen duten zenbait baldintzekin. Bere askatasuna eskatuz mobilizazioa egin dute Lasarte-Orian.
Esklerosi anizkoitza duen presoaren zigor-suspentsioaren eskaera onartua izan den arren, ezarritako bi baldintzengatik askatasuna lortzea ez dela segurua adierazi du Maritxu Paulus Basurco abokatuak. Batetik, “frantses lurraldean egoteko debekua” eta bestetik, Pirinio Atlantikoetako departamendutik kanpo bizitokia finkatu behar duela adierazi du Pariseko Zigor aplikazioen auzitegiak.
Abokatuaren esanetan, ezarritako lehen baldintzak asko zailtzen du presoa aske geratzea. Debekua kentzea lortu ezean, presoa ez dela aterako adierazi du, Frantziako estatuko mugen barruan bizitzeko debekua kentzeak beste epaitegi batera joan beharra suposatzen baitu.
Presoaren egoeraz kezka eta salaketa Lasarte-Orian
Lagun, senide eta herritar ugarik larunbatean ekitaldia egin dute Lasarte-Orian, Fernandez Iradi aske geratu dadin eskatzeko. Presoaren osasun-egoeraz kezka azaldu eta espetxean mantentzeak giza eskubideak urratzen dituela salatu dute.
Lasarte-Oriako Udaletxe aurrean egindako agerraldian Porrotx pailazoak, galtxagorriek eta Xumela abesbatzak parte hartu zuten. Iradiren konfiantzazko mediku Jabi Hernandok ere hitza hartu zuen espetxeak gaixo dauden presoen tratamendua zaildu eta gaitza okertzen dutela esanez. Fernandez Iradirena bezalako patologiak dituzten pertsonak baldintza horietan mantentzea “giza eskubideen aurka” dagoela salatu du medikuak eta gaineratu, “gutxieneko oinarri humanitariodun gizarte batek” halako kasuak ezin dituela onartu.
Herriko jaietan, ekainaren 29an, mobilizazioa egingo dute Fernandez Iradiren kasua eta gaixotasun larriak dituzten presoen egoera ezagutzera emateko. "Denborak ez du etenik... gaixo larriak askatu! Ibon kalera" izango da manifestazioaren lema.
Euskal preso politikoa ostiralean hil zen minbizi baten ondorioz, 30 urteko espetxealdiaren ostean kaleratu eta 10 hilabetera. Troitiñoren kasua euskal presoei aplikatzen zaien salbuespen politikaren adierazle dela salatu dute bi elkarteek. Mobilizazioak antolatu dituzte... [+]
Eritasun "larri eta sendaezin" bat duela, baldintzapean atera da kalera otsailaren 5 goiz honetan. Orotara, 30 urtez gora pasa behar izan ditu kartzelan.
61 urteko preso lekeitiarrak maiatzaren 13an buruko isuria izan zuela argitaratu du Etxeratek. Orain Puerto-I kartzelako (Cadiz, Andaluzia) erizaindegian dagoela eta asteburuan familiaren bisita izan duela gehitu du.
Dispertsio politika bukatzeko eta larriki gaixorik dauden presoak askatzeko eskatu diete Espainiako Estatuko eta Europako Parlamentuko presidenteei.
Sareko kideek presoen egoera aldatuko den "itxaropena" erakutsi dute: "Hala behar luke, behinik behin. Orain da unea; izan ere, orain ez bada, noiz?"