argia.eus
INPRIMATU
Gaixo dagoen Gotzon Telleria euskal presoa etxeratzeko eskatu dute sindikatuek
  • ELA, LAB, ESK, STEILAS, CGT-LKN, CNT, HIRU, EHNE eta ETXALDE sindikatuak, Sarek abiatutako Gotzon SOS kanpainara batu dira. 2019an antzeman zioten gaixotasun genetiko sendaezina 68 urteko preso politiko bilbotarrari. Sindikatuek gaixotasun larriak dituzten presoak kartzelatik "irten ahal izatea" eskatu dute, eta hirugarren gradua betetzeko eskatu.

Unai Lomana Uribezubia 2025eko apirilaren 08a
Sindikatuek Bilbon egindako elkarretaratzea. Sare

Elkarretaratzea egin du Euskal Herriko gehiengo sindikalak Bilboko Plaza Biribilean. Salatu dute Gotzon Telleria gaixotasun sendaezinarekin egon arren kartzelan dagoela, eta hirugarren gradua betetzeko eskatu dute, Sarek abiatu duen Gotzon SOS dinamikaren testuinguruan. Preso politikoak egun 68 urte ditu eta zigorra Zaballako (Araba) espetxean betetzen ari du, bigarren graduan, hirugarrenean egon behar bazuen ere, gaixotasunak hala ahalbidetu beharko liokeelako, sindikatuek salatu dutenez. 

Gotzon Telleria 2017an estraditatu zuten Mexikotik Espainiara, eta 26 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, 1981ean Espainiako polizia baten hilketan parte hartu izana egotzita. Kartzelara sartu eta bi urtetara, lehen sintomak antzeman zizkioten, eta sindikatuek salatu dutenez, ordutik bere osasun egoera okertu da. Telleriak duen gaixotasun genetikoak dementzia frontotemporal edo ELA gaixotasun degeneratiboak eragin ditzake.

2019an Sarek abiatutako kanpainaren jarraipen gisa aurkeztu dute elkarretaratzea sindikatuek: "Salbuespen politikak salatzeko eta konponbide, bake eta elkarbizitzaren aldeko urratsak bultzatzeko". Horregatik, "salbuespen politikak" amaitzea "premiazkoa" dela, eta gaixotasun larriak dituzten presoak kartzelatik "irten ahal izatea ezinbestekoa" dela aldarrikatu dute.