argia.eus
INPRIMATU
Gaitz psikologikoen eta murrizketa-politiken arteko lotura nabarmendu du NBEren txosten batek
  • Nazio Batuen Erakundeko (NBE) osasunerako errelatore bereziak ekainaren 24an argitaratutako txostenaren arabera, “lana antolatzen den moduak ondorio sozial eta psikologiko sakon eta iraunkorrak dauzka”. Desberdintasun sozialak eta diskriminazioa borrokatzea beharrezkotzat jo du txostenak, gaitz psikologikoak indibidualki lantzetik harago.

ARGIA @argia 2019ko ekainaren 26a
Irudia: HereDywosse.

Txostenak kezka baten berri ematen du: buru-osasun txarra “produktibitate ekonomikoarentzat mehatxua” izan daitekeela. Baina txostenaren arabera, problema horri aurre egiteko jartzen diren baliabideak gehiago bideratzen dira lan indarra produkziorako berreskuratzera, haren egoerari kalitatezko arreta eskaintzera baino.

Politika horren ondorioz, milurtekoaren hasieratik botika antidepresiboen kontsumoak gora egin du mundu osoan. Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) datuen arabera, 2000. urtetik 2016ra bitartean AEBetan mila pertsonako eguneko 75 dositik 125era pasa dira eta Erresuma Batuan 37,1etik 101era. The Guardian egunkariak emandako datuen arabera, mota horretako botiken kontsumoak gora egin du Frantziako eta Espainiako Estatuetan ere, beraz pentsatzekoa da Euskal Herrian tendentzia antzekoa izango dela.

Nola egin aurre problemari neurrigabeko medikazioan erori gabe? NBEren errelatoreak idatzitako txostenean, desberdintasun eta diskriminazio sozialak borrokatzeko premia azpimarratzen da. “Gaixotasun mentalen aurkako botikarik onena izango lirateke”, adierazi dio Dainius Purasek The Guardianen. Bera da txostenaren egileetako bat eta azken urteetan alor psikologikoko arazoek izan duten gorakadaren iturburuan 2008ko krisi ekonomikoa jarri du. Murrizketa-politikek ez dutela buru-osasunean laguntzen adierazi du: “Jendea segurtasunik gabe sentitzen da, antsietatea dauka eta ez du ongizate emozionalik segurtasun falta horren erruz”.

Ingurune sozialak, psikosozialak, politikoak, ekonomikoak eta fisikoak duten garrantziaz ohartarazi du eta estatuak derrigortuta daudela giza-eskubideak errespetatuz, lotura sozialak bultzatzera, eredu medikalizatuaren alternatiba gisa.

“Oraindik joera dago eredu indibidualizatu eta kausalak erabiltzeko osasun mentalaren determinanteak identifikatzeko, hala nola gazteen arteko indarkeria edo autolesioak. Joera horrek ekartzen ditu portaera faktoreetan oinarritutako inberbentzioak, berehalakoak eta indibidualak direnak, baldintza estrukturalei modu egokian heldu ordez”, irakurtzen da aipatutako txostenean.

OMEk bere 2013-2020 epealdirako osasun mentalari buruzko planetan determinatzaile sozialen gaineko lanketa aurreikusten zuela gogora ekarri du eta alor horretako neurririk ez dela hartu oraindik.