argia.eus
INPRIMATU
Gaitz medikurik ez badaukazu ez duzu ernalketa lagundurik izango
  • Espainiako Gobernuaren azken neurriek diote, ernalketa lagundua gaitz mediku bat dagoenean soilik izango dela, eta bikote heterosexualetako emakumeen kasuan bakarrik. Lesbianak eta bikoterik gabeko emakumeak kanpoan uzten ditu, eta Ana Mato Espainiako Osasun Ministroak argudiatzen du, “gizonik ez izatea ez dela osasun arazoa”.

Itsaso Zubiria Etxeberria 2013ko uztailaren 24a
Ernalketa lagundua bikote heterosexualeko kide den eta gaitz medikua duen emakumeak soilik izango du, lesbiana eta bikoterik gabeko emakumea bazter utziz.

40 urtetik gorako emakumeek eta 55 urte baino gehiagoko gizonek ezingo dute tratamendua jaso. Adin horietatik azpikoen kasuan berriz, medikuaren esku egongo da azken erabakia.

Espainiako osasun sistemaren lurralde arteko batzordean atzo eguerdian onartu zen neurria, eta erkidegoekin negoziatzen dihardute.

Osakidetza eta Osasunbidea lehen bezala, baina desberdin

Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak esan duenez, Osakidetzak orain arte bezala jarraituko du ernalketa lagundua «emakume guztiei» eskaintzen. Darponek adierazi duenez, “Ernalketa lagundua egiteko irizpide etikoak jarraituko ditu Osakidetzak, eta ez sexu aukeren edo familia kontzeptu murriztuen araberakoak”.

Nafarroaren kasuan ere, Osasunbideak lehen bezala jarraituko du. Orain arte bikote heterosexualeko kide ez diren emakumeei laguntza ukatu zaie, eta neurri horrekin jarraituko dutela adierazi dute.

Neurri “sexista” eta “bidegabea”

LGTBEF Lesbiana, Gay, Transexual eta Bisexualen Espainiako Federazioak eta Galehi erakundeak esan dute Espainiako Gobernuari helegitea jarriko diotela legea aurrera eramanez gero. Neurria “bidegabea, baztertzailea, diskriminatzailea eta sexista” dela adierazi dute.

Euskal Herriko Bilgune Feminista ere kontra agertu da. PPri egotzi dio jendartean “eredu patriarkala” bultzatzea eta emakumeen gorputzaren gaineko kontrola areagotzea.