Aurreko urteko Zinemaldian, Paolo Sorrentinok Parthenope luzemetraia aurkeztu zuen, eta gogo handiz joan nintzen ikustera, baita gustura atera ere. Aurten film berria aterako zuela jakitean, ez nuen duda izpirik izan, eta, finean, azken egunerako utzi nuen gozokia. La Grazia, zuzendariaren beste lan guztiak bezala, produkzio maila altukoa da, konplexua eta, aztertzeko, denbora behar duena.
Mariano de Santis (Toni Servillo) Italiako Errepublikako presidentea da, eta, bere agintaldiaren amaiera aldera, hiru erabaki garrantzitsu hartu behar ditu: alde batetik, bi pertsonaren indultuak sinatu edo ez ebatzi behar du, eta, bestalde, eutanasiaren legea onartu edo ez. Istorioan zehar, zuzendariaren beste lanetan bezala, jende boteretsua eta goi klasekoa ikusiko dugu sarri; Aita Santua, esaterako. Marianok erabaki zaila hartu beharko du, kontuan izan behar baita bera katolikoa dela, baina baita herriaren erantzule garrantzitsuena ere.
Dilema honen atzean, bizitzaren, eutanasiaren, zahartzaroaren eta boterearen inguruko azterketa interesgarri eta sakona ikusi dugu. Irudi oso zaindu eta ikusgarrien artean, eta, batez ere, izugarri ondo idatzitako elkarrizketen bitartez, ikusleak gai hauen inguruan hausnartzera eraman gaitu. Zalantza existentzial hauek de Santisen bizitzako pasarteekin nahastu dira, eta zendutako emaztearen inguruko trama garrantzitsu bat ikusiko dugu, presidentearengan eragin handia izango duena.
Toni Servillo protagonista zuzendariaren lan askotan agertu da jada, eta honetan ere antzezpen paregabea gauzatu du, baita beste aktoreek ere. Mariano bere zahartzaroaren aurka borrokan gorpuztu du, eta bere agintaldiaren amaieraren aurka, ezin hobeto. Benetan istorio konplexua eta oso modu dotorean borobildua: dilemak itxi baditu ere, neu, behintzat, aztertutako gaien inguruan pentsakor utzi nau.
Film hau ikusteko eta ulertzeko errazagoa iruditu zait zuzendariaren beste lanak baino, baina, hala ere, mamitsua da; agian, bere hainbat lan ikusi ditudalako ez nau horrenbeste nekatu eta harritu estiloak. Oro har, aurtengo Zinemaldian ere, Sorrentinoren filma beste gehienen gainetik geratu da, nire aburuz. Sutsuki gomendatzen dut zuzendari honen filmak ikustea, eta La Grazia abiapuntu egokia izan daitekeela uste dut. Neu, bederen, pelikula honen ostean, bere beste filmak berriz ikusteko gogoz geratu naiz.