argia.eus
INPRIMATU
Gabriel Arestiren “izaera komunista” azpimarratu dute, bere heriotzaren 50. urteurrena kari
  • Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) antolatuta, egun osoko jardunaldia egin dute igandean, Bilboko Campos Eliseos antzokian. Hainbat hitzaldik osatu dute egitaraua, eta jardnualdia amaitzeko Bigarrenez Aresti etorkizunaren aurrean antzezlana estreinatu dute.

ARGIA @argia 2025eko apirilaren 14a
'Aresti 50' jardunaldiaren une bat Gedar

Gabriel Aresti idazle bilbotarra hil zela 50 urte igaro direnean, egun osoko jardunaldia antolatu du EHKS erakundeak Bilbon, Campos Eliseos antzokian, igandean, Aresti 50. Euskaldun eta marxista izenburupean.

EHKSren esanetan Gabriek Arestiren figura "desitxuratua eta despolitizatua" izan da, eta jardunaldiarekin bere "izaera komunista" azpimarratu nahi izan dute. Horretarako, hainbat hitzaldi antolatu dituzte. 

Esaterako, Iñaki Martinez de Luna soziolinguista eta Garabideko lehendakari ohiak eta Aitor Bizkarra EHKSko kideak hitz egin dute, immigrazioa, euskalgintza eta euskara ardatz hartuta. Gainera, Paul Beitiak eta Kattalin Barcenak artearen eta politikaren arteko harremanaz hausnartu dute.

Jardunaldia amaitzeko, Ekida arte-plataformaren Bigarrenez Aresti etorkizunaren aurrean antzezlana estreinatu dute Bilboko Kafe Antzokian. Idazlearen figura eta obra taularatu nahi izan dute, bere baitan zituen gatazkak eta posizioak azaleratu asmoz, musika eta antzerkia uztartuta. Hurrengo emanaldia maiatzaren 17an izango da Atarrabian.