Israelek hildako 20.000 palestinarren omenez dolua egiten ari dira Belen hirian, eta bertako alkate Hana Hanyehk gabonak bertan behera uztea erabaki du, diru galera handia izango duten arren.
Gabonetako miraririk ez palestinarrentzat. Bertan behera geratu dira Belenen, Palestinan, Jesukristoren jaioterrian, urtero egiten diren Gabon jai jendetsuak, The Guardianek jaso duenez. Luteranoen elizako artzain Munther Isaacek egoeraren larritasuna adierazi du: “Hauxe da gabonetako errealitatea ume palestinarrentzat. Jesus gaur jaioko balitz, Gazako hondakinen azpian jaioko litzateke”. Isaacek azpimarratu du ezin direla “bertan behera” geratu Gabonen itxaropena eta funtsa.
Belengo alkate Hana Hanyehk adierazi du hiriko diru-sarreren %70 inguru nazioarteko bisitariek eramaten dutela, eta urtean ia 2 milioi pertsona joaten direla kristautasunarentzat sinbolo bat den hiria ikustera: “Orain ez dugu bat bera ere. Israelek asko zaildu du honaino iristea, kontrol postuen bidez. Gure ekonomia erori egin da, baina hala ere ezin izan dugu ezer ospatu. Gazako herriaren aldeko dolua egiten ari gara”.
Bestalde, Dar al-Kalima Unibertsitateko presidente Mitri Rahebek bere kezka agertu du egoeraren aurrean, Democracy Now hedabideak elkarrizketatu duenez: "Gabonetako historia, egia esan, Palestinako historia da. Baina ez dugu entzuten komunitate kristaua gaur egun Gazan gertatzen ari den ankerkeriaren aurka gehiegi egiten”. Rahebek dio munduak genozidioa jasaten ari den palestinar herriari “bizkarra ematen” diola, eta beldurra duela adierazi du, honek Gazako presentzia kristauaren amaiera ekar dezakeelako.
Israelen eta Palestinaren arteko gatazkari dagokionez, Rahebek testu biblikoen erabilera aipatu du eta kritikatu du AEBetako talde ebanjeliko batzuek Israelgo estatuari emandako babesa. Aldi berean, Jewish Voice for Peace eta beste judu aurrerakoi batzuen papera goraipatu du, okupazioari aurka egiteagatik eta eskualdeko bi komunitateen arteko berdintasunaren eta justiziaren alde egiteagatik.