argia.eus
INPRIMATU
Gabonetarako gomendio eta neurrien berri eman du Espainiako Gobernuak
  • Ahal dela Gabonetako topaketetan gehienez sei lagun elkartzea eta Erregeen desfileen moduko ekitaldirik ez egitea proposatu du Espainiako Gobernuak. Gabon eta Urtezahar gauetan, 1etara arte luzatuko dute etxeratzeko ordua, eta erkidegoen arteko mugikortasuna baimenduko da.

ARGIA @argia 2020ko azaroaren 24a

Espainiako Gobernuaren Ministro Kontseilua elkartu ostean zabaldu dira Eguberrietarako hainbat iragarpen. Sei lagun baino gehiago ez elkartzea da gomendio nagusia, eta ahal dela aire zabalean egitea. Sei kide baino gehiagoko familia topaketak onartuko dira, baldin eta elkarrekin bizi badira, eta salbuespen gisa, 1ak arte luzatuko dute etxeratzeko ordua Gabon gauean eta Urtezahar gauean.

Autonomia erkidegoen arteko desplazamenduak baimenduta egongo dira eta eremu gorrian dauden herrialdeetatik Espainiako Estatura sartzeko, 72 ordu lehenago egindako PCR proba derrigorrezkoa izango da.

Gabonetako ekitaldiak (desfileak eta beste) ahal dela bertan behera uzteko eskatu du, baina ekitaldi kulturalak egin ahal izango dira, edukieraren %50era mugatuta.

Koronabirusaz kutsatutako pertsona baten kontaktu zuzenak 14 egunez egon beharko du konfinatuta.

Macronen iragarpenen zain

Bestalde, Frantziako presidente Emmanuel Macronek astearte gau honetan hitz egingo du, koronabirusari lotutako neurrien gainean. Faseka egingo den deseskalatzea buruan, indarrean dauden neurriek abenduaren 1etik aurrera zein bide egingo duten dago argitzeke. Abenduan funtsezkoak ez diren dendek ateak ireki ahal izango dituztela filtratu du hainbat hedabidek.