Gabeziak

  • Gutun honen bidez erosotasunak eta aurreiritziak alde batera uzteko eta Bilbon larunbatean, Etxarrin irailaren 3an eta Donostiako estropadetan irailaren 11n burutuko diren manifestazioetan zein etorkizun hurbil batean antolatuko direnetan parte hartzeko deia egin nahi dut.


2016ko abuztuaren 24an - 10:03

Kartzelak, zigor eta sarraski esparruak izateaz gain, borroka esparruak ere izan dira beti preso dauden militante politikoentzat. Milaka dira kartzeletatik heldu zaizkigun duintasun keinu eta borroka moldeak eta, historikoki, kaleak esnatzeko eta martxan jartzeko baliogarriak izan dira, gure kontzientziarentzat ispilu bihurtuta.

Hala ere, eta Huelvan preso dauden kideek gogorarazi diguten moduan, benetako borroka, etsaia presionatzeko eta garaipen txikiak zein handiak lortzeko gaitasuna duena, kalean eman beharrekoa da. Barrukoen aldarriek ez dute oihartzunik kanpokoen eztarriek ahotsa ematen ez badiete.

Zer esanik ez, kalean borrokak jarraitzen duela jakiteak presoaren animo egoeran daukan eragina. Herriaren borrokarik gabe espetxe urteen zama biderkatu egiten da. Borrokak, aldiz, pairatzen duten zigorra arintzen du. Ulertzeko ekuazio erraza, nahiz eta azken urteetan ikusitako emaitzaren arabera, praktikan jartzea teorizatzea baino pixka bat zailagoa den.

Oraingoan, berriz ere, kartzeletatik heldu zaigu borrokarako deia. Lehenengo Aitzol izan zen gose grebari hasiera eman ziona, bere osasun eskubidea aldarrikatzeko osasun hori arriskutan jarriz. Badira borrokan Valenceko kartzelan Ibon eta Aletxu, bisitak duintasunez egiteko eskubidea aldarrikatzeko bisitei uko egiten, kideengandik ez banatzea eskatzeko isolamenduan sartuz.

Txandakako gose greban daude Huelvako kartzelan, kide gaixoen askatasunaren alde kide gaixoek egin ezin duten protesta beraiek egiten, zergatik egun batean Euskal Herria iraultza eta konpromisoaren eredu handienetakoa izan zen gogora ekarri digutelarik. Azpimarratzekoa Etxarrin gose greba mugagabea mantentzen ari direnak lehenago hainbat gose greba eginak dituzten preso ohiak izatea. Kartzelako urteek, haien baloreak gainditzetik urrun, are gehiago indartu egin ditu.

Baina honek guztiak, hau da, preso gaixo batek gose greba hasi behar izateak, kartzeletan kanpoan hartu behar genituzkeen konpromisoak hartzeak eta hainbeste urte kartzelan eman eta gero elkartasun keinu gogorra preso ohiek egin behar izateak guztion hausnarketarako eta batez ere autokritikarako parada eman beharko liguke. Kartzela barrutik datozkigun duintasun olatu hauek dinamika eraginkorrak martxan jartzeko herri mugimenduaren eta, oro har, herri oso baten gabezien isla dira. Kaleko mugimenduek erritmo mantsoegia hartu dute eta honek injustiziaren normalizaziora garamatza, kate-begi ahulena babesgabe utziz. Gatazka apaltzen joan den heinean erosoago bihurtu gara, zainetan odolik gelditzen ez zaigula emateraino, eta horrek ondorio latzak ekar diezazkiguke.

Preso gaixoen arazoa herri oso baten arazo bihurtu behar dugu eta horretarako ezinbestekoa bihurtzen da herria mobilizazio dinamika iraunkor batean sartzea. Ez da nahikoa, esaterako, Ibon Iparragirrek eraso berria jaso duela jakitean edo Aitzol gose greban jarri delako aldizkako protestak egitea. Oinarrian dagoen arazoa ez delako Ibonek jasotako eraso puntuala edo Aitzolen gose greba, preso gaixoak bizitza bukatzen den amildegira bultzatzen dituen sistema osoa hankaz gora jartzeko izan dugun gaitasun eza baizik, eta gainontzeko guztia ezintasun horren ondorioa besterik ez da.

Esandakoagatik, gutun honen bidez erosotasunak eta aurreiritziak alde batera uzteko eta Bilbon larunbatean, Etxarrin irailaren 3an eta Donostiako estropadetan irailaren 11n burutuko diren manifestazioetan zein etorkizun hurbil batean antolatuko direnetan parte hartzeko deia egin nahi dut. Presoen alde guk borroka egiten ez badugu ez du beste inork egingo, errefuxiatuak eta deportatuak ahaztu gabe. Antolakuntza eta borroka dira bide bakarra.

Sendoa Jurado Garcia (Amnistiaren aldeko militantea)

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude