argia.eus
INPRIMATU
G7ak iraun bitartean manifestazio eta mugimendu eskubideak urratu direla salatu du Amnistia Internazionalak
  • Amnistia Internazionala (AI) Gobernuz Kanpoko Erakundeak gogor kritikatu du Frantziak G7aren gailurrean egin duen indar erakustaldia, manifestazio eta mugimendu eskubideak urratu direla argudiatuz. Bestalde, abuztuaren 23 eta 25 artean 100 atxilotu inguru izatea “gehiegizkoa” dela esan du Marco Perolini Frantziako AI-ko ikertzaileak, jakinda protesta gehienak baketsuak izan zirela. “Frantziako autoritateek protesta eskubidea urratzeari utzi behar diete”, esan du Perolinik.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko abuztuaren 28a
Frantziako polizia G7an. Argazkia: Dani Blanco.

“G7aren gailurraren hasieratik argi zegoen Frantziak manifeztazio eta mugimendu eskubideak urratzeko plana zuela; 13.000 polizia izango zirela esan zutenetik argi geratu zen”, esan du Marco Perolinik.

Ehunka pertsona ordu batzuez inolako arrazoirik gabe atxikita izatea “lotsagarria” dela esan du Perolinik. G7aren gailurrean klima aldaketa erdigunean egotea ironikoa dela dio, hori lortu dutenak haiek kolpatzen dituzten ekintzaile sozialak izan omen baitira.

Larunbat arratsaldean poliziek Baionako zubiak lau metroko hesiez itxi zituzten, hiria bitan banatuz. Egoera honetan liskarrak izan ziren polizia eta manifestarien artean, eta AI-eko  ikuskari batzuk bi orduz atxiki zituztela salatu dute; sei aldiz arakatu zieten zuten dena.

Igandean Bidarten, "segurtasun eremutik" kanpo, 50 manifestari baketsu atxiki zituztela ere salatu du nazioarteko GKEak. Kasu honetan ere AI-eko ikuskariak zeudela salatu dute; haien esanetan, bi orduz eduki zituzten bertan joan ezinik.