argia.eus
INPRIMATU
G20aren aurkako mobilizazioak egiten ari dira Osakan
  • Ostiral eta larunbatean izango da gailurra Osakan (Japonia), eta munduko hogei herrialde indartsuenetako mandatariak eta gonbidatutako herrialdeetako buruzagiak bilduko ditu. Honek zenbait biztanleren haserrea eragin du, eta hainbat mobilizaziotara deitu dute. Gauza askoren artean, Japonian ikatzarekin duten arazoak hartu du protagonismoak protestetan.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko ekainaren 28a
G20aren aurkako martxak Osakan.

G20aren gailurrak, doan lekura doala, protestak izan ohi ditu aurrean, hainbat arrazoirengatik mobilizatzen. Osakan, biztanleak oso kezkatuta daude ikatzaren bidez sorturiko energiarekin, Reuters agentziak zabalduriko bideoan ikus daitekeen bezala. Izan ere, munduko herrialde gehienak energia hau baztertzen ari diren bitartean, Japoniak zortzi zentral eraiki ditu azken bi urteetan, eta hemendik hamar urtetara beste 36 eraikitzeko asmoa jakinarazi zuten joan den urtean, energian espezializatutako hedabide honetan irakur dezakegun artikuluaren arabera.

“Japoniak dio ikatz japoniarra garbia dela. Eta batzuek sinetsi egiten dute, baina ez da egia. Ikatzak ezin du garbia izan, inoiz ere ez. Egia da ikatzaren teknologia geroz eta garbiagoa dela, baina beti izango da zikina” dio Reuters agentziarentzat hitzegin duen emakume manifestariak.

 

 

 

2010an Japonia ikatz-energia murrizteko planekin hasi zen, baina 2011ko Fukushimako zentral nuklearraren istripua zela eta, ikatzaren sektorea indartzea erabaki zuten. Hala, 2030ean Japonian ekoiztuko den energiaren %26a ikatza errez lortutakoa izango da. Fukushimako istripuaren aurretik, urte bererako %10a zuten aurreikusia. Beraz, Japoniaren ikatz bidezko energiaren aldeko apustua dela eta, Energiaren Nazioarteko Erakundeak behin baina gehiagotan eskatu dio herrialde asiarrari ikatzaren bidez lorturiko energiaren aldeko politikak alde batera utzi eta energia berriztagarrien alde egiteko. Japonia teknologien aurrerakuntzan munduko herrialderik modernoenetarikoa da, baina energia berriztagarrietan inbertsio eta lan gutxi egiten dutela leporatzen diete protestan dabiltzanek.

Jarraian Japoniako herri mugimenduek deitutako protesten zenbait bideo eta irudi.

 

 

 

 

 

G20aren aurkako protestak Osakan.

 

 

 

 

 

 

Manifestariak G20aren aurka.