argia.eus
INPRIMATU
Futbolean euskararen erabilera sustatzeko 'Euskara, jalgi hadi plazara!' txapelketa egingo dute berriz ere
  • Ekainaren 24an bigarrenez egingo da Euskara jalgi hadi plazara lagunarteko futbol txapelketa Lezaman. Euskal Herri osoko lau kirol elkartek hartuko dute parte, eta helburua kirolean ere euskararen erabilera sustatzea izango da.

ARGIA @argia 2023ko ekainaren 21a
Iazko parte-hartzaileen talde argazkia. Argazkia: Hamabi Futbol Kluba.

Txapelketa "berezia" izango da datorren larunbatean Lezaman, Athletic klubeko kirol instalazioetan. Lagunarteko futbol partidak epaile euskaldunek gidatuko dituzte, eta saria ez da soilik ohi bezala gol gehien sartu edo partida gehien irabazten dituen taldearentzat izango, euskara gehien erabiltzen duen taldeak ere saria izango du.

Bigarren urtez jarraian egingo da Euskara, jalgi hadi plazara futbol txapelketa, Bilboko Hamabi Futbol Klubak antolatuta – eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailburuordetzak (HPS) sustatuta. Azkeneko honek azaldu duenez, "badira bizpahiru urte kirolean euskararen erabilera sustatzen dihardugula", eta hori horrela, halako ekimenak garrantzitsutzat ditu.

Hamabi Futbol Klubak "jatorri ezberdineko jendea euskara eta kirolaren bidez integratzea" eta "futbolaren bidez euskara mundura eta mundua euskarara zabaltzea" ditu helburu.

Txapelketan Euskal Herri osoko lau kirol elkartek hartuko dute parte: Hamabi Futbol Kluba (Bilbo, Bizkaia), Unión Tutera (Tutera, Nafarroa), Arranoak (Ortzaize, Behe Nafarroa) eta Zestoa KB (Zestoa, Gipuzkoa).

Ohar bateratuan lau klubetako lehendakariek adierazi dute Euskal Herriko "txoko desberdinetakoak izan arren" helburu bera dutela: "Euskal Herriko gazteek bere egunerokotasunean kirola euskaraz egiteko posibilitatea izatea, honen bitartez ikastea eta euskaldun egiten gaituen elementu honekin gozatzea".

Txapelketa goizeko 11:00etan hasi eta 14:00etan izango da sari banaketa. Amaitzeko luntx bat izango dute parte hartzaileek eta euren artean solasteko aukera izango dute, euskaraz noski.