Futbolarien errendimendua hobetu dezake dopinak

  • “Sustantzia bakar batek ere ez dizu lagunduko eskuadratik gola sartzen”. Egia da Realeko jokalari Xabi Prietok dioena. Baina ez da nahikoa arrazoi futbolariak dopinaz balia ezin daitezkeela ukatzeko, debekatutako sustantzia batzuek errendimendua hobetzen lagundu dezaketelako. Oraingoz kasu bakan batzuk besterik ez dira ezagutarazi, eta ezin dezakegu esan dopina praktika orokorra denik futbolean. Baina futbolariak ez dira tentazio-bekatu orotatik libre dauden super-aingeruak.


2013ko otsailaren 07an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Teknika ona izateaz gain, futbolarientzat ezinbestekoa da fisikoki ongi egotea. (Argazkia: Birds of Eden)

Fernando Carreñok Marca egunkarian emandako pista batzuk baliatuko ditut abiapuntu bezala:

1. Futbolean egiten diren dopinaren aurkako kontrolak ez daude alderatzerik ziklismoan, atletismoan edo igeriketan egiten diren jarraipen zorrotzekin.

2. Kirolari ugarik estamentu kontrolatzaileek erraz aurkitzeko moduan bizi behar dute urteko ia 365 egunetako 24 orduetan. Cristiano Ronaldok, adibidez, ez.

3. Kirol profesionalean dopatzea iruzurra egitea da. Eta osasun publikoari eragiten dion arazoa. (…) Iruzurra dagoen bitartean, eta dopinak beti ematen du abantailaren bat (aldera itzazue duela 15-20 urteko partidak gaur egungoekin, eta ikusiko duzue jendeak zein azkar egiten duen korrika), beti egongo da hura erabili nahi izango duen norbait.

4. Delinkuentziaren atzean zio ekonomikoak daude: arriskuak hartzen dira irabazien truke. Beste pertsona bat dopatzen duenak zein arriskuri aurre egin behar dien ez dakit oraindik.

5. Ia kazetari guztiok ezagutzen ditugu dopin kasuak futbolean. Gogoan dut kontrol bati izkin egitea lortu zuen futbolariaren kasua (…).

Prentsan agertzen ez dena, ez da existitzen

Carreñok hizpide dituen puntuetako askori heltzen die Carlos bezala sinatzen duen internautak, Que viva el deporte blogean idatzitako El dopaje en el futbol (Dopina futbolean) artikulu mamitsuan.

Erreportajearen lehendabiziko partea, polemika-iturri bilakatu den Eufemiano Fuentes mediku espainiarrak 2006an Le Monden egindako adierazpenekin hasten da: “Atletak, tenislariak, futbolariak, saskibaloi jokalariak eta boxeolariak izan ditut bezero”. Blogariak dio dopina eta futbola lotzen dituzten frogak sudur aurrean ditugula, susmoa dugula zer pasatzen ari den, baina ez dugula errealitatea ikusi nahi: “Egunkarietan ez badago, ez da existitzen. Eta hori pasatzen da futboleko dopin kasuekin, ez dira existitzen”.

Bere hitzetan, eliteko kirolari atxikirik doakion ezaugarria da dopina, baita futbolari ere: “Batzuek esango dute futbolak osagai tekniko handia duela, eta ez duela zentzurik dopatzeak. Baina eliteko kirolaren esentzia gaitasun fisikoa da. Hura gabe, kirolari batek ezin dezake azkartasunez erreakzionatu. Maila altuko kirolean, fisikoki indartsu egotea funtsezkoa da”. Dopinaren aurkako kontrolak txirrindularitzan bezain zorrotzak ez direla erakusten duten datuak ere ematen ditu. Esaterako: Frantzian, urtero, hamar ziklistatik batek pasatzen ditu kontrolak. Futbolean, bi milatik batek.

Bigarren zatian futbolaren eta neurri batean dopinaren munduarekin lotura duten medikuez hitz egin du blogariak. Tartean dira, besteak beste, Athletic-ekin harremana izan zuten Antonio Escribano eta Sabino Padilla. Futbolari batzuen izenak ere aipatu ditu: Gurpegi (Athletic), Guardiola (Bartzelona), Stam (Lazio), Davids (Juventus) eta abar. Baita bat-bateko heriotza ustez  “ulertezinak” ere. Antonio Puerta, Jarque eta De la Red (zelaian ziplo erori arren medikuek salbatu egin zuten) espainiarren kasuak hizpide, gogora ekarri du gertakari horiek dopinarekin lotu zituela Giusepe Toti Corriere della Sera egunkariko kazetariak.

Hain justu, artikuluaren azken zatiak Italiako futbola du ardatz. Beste batzuetan hizpide izan dugun Informe Robinson telebista programako elkarrizketa bat du abiapuntu: Heriotzak Italiako futbolean erreportajearen baitan Carlo Petrini Milango futbolari ohiari egindakoa. Izenburuak aditzera ematen duen bezala, dopinak gaixotasun batzuekin zein heriotza kasuekin izan dezakeen loturaz mintzo da erreportajea. Kazetariak galdetzen dionean futbolean dopinik badagoen ala ez, honela erantzuten dio iaz 64 urterekin hil zen Carlo Petrinik:

"Nik jokatzen nuenean, urtean 40-45 partida jokatzen genituen eta gure erritmoa Fiat 500 batena zen. Gaur egun, gazte askok 60-70 partida jokatzen dituzte Formula 1eko Ferrari baten erritmoan. Nola eutsi diezaiokete? Ez, esaidazu zuk. Nola egiten dute? Hiru egunetik behin jokatzen dute. Eta ez gara desberdinak. Fisikoki ni bezalakoak dira. Ez dituzte bi bihotz, bi gibel eta sei birika. Azaldu iezadazu zergatik lortzen duten egiten dutena egitea, eta ondoren erantzungo dizut dopinik badagoen ala ez".

Artikuluaren hirugarren zatian hainbat kontu gehiagori heltzen die Que viva el deporte blogaren sortzaileak. Dopinaren kontrako borrokari dagokionez, futbolaren munduan dagoen “hermetismoaz” mintzo da berriro. Era berean, berresten du futbolaria dopinaz balia daitekeela bere errendimendua hobetzeko. Adibide moduan, Alejandro Luciak 2002an El País-en idatzitako Al fútbol el EPO le va bien (EPOa futbolari ongi doakio) artikulua dakar bere blogera.

Batetik, testosteronaz eta haren deribatu sintetikoez –esteroide anabolizatzaileez– mintzo da, masa muskularra handitzen duten heinean. Bestetik, eritropoyetina (EPO) eta haren deribatu “modernoenak” (NESP delakoa adibidez) ditu hizpide. “Botika horiei esker, oxigeno gehiago garraia daiteke odoletik muskuluetara, eta kirolariaren gehienezko oxigeno kopurua (VO2)  hobetzen da”, dio Luciak: “EPOarekin zein bere deribatuekin kirolari baten VO2 kopurua %10 handitu daiteke, eta hori lortzea oso zaila da soilik entrenamenduei esker. Futbolean, VO2 handitu izana batez ere sumatuko litzateke sprint baten osteko errekuperazio gaitasunean”.

Eufemiano Fuentesen paperetan azaltzen diren sustantziak

Reala zipriztindu duen auziari dagokionez, Espainiako Dopinaren Aurkako Agentziarentzat (AEA) osasun publikoaren aurkako delituaren zantzuak daude, ustez Eufemiano Fuentesi erositako sendagaiak ez dutelako baimenik Espainiako Estatuan, eta ilegalki eraman zituztelako Donostiara. Nazioarteko Agentziak (AMA), ordea, oraingoz esku ez hartzea erabaki du, sustantzia horietako batzuk ez direlako ageri produktu debekatuen zerrendan. Esaterako, Thioctacid (azido tioktiko edo lipoikoa da, antioxidatzailea) eta Thym-Uvocal (kapsula hauek timo glandula hormonalaren estraktuak dituzte, eta sistema immunologikoa indartzen dute). Actovegin (behi-odolaren estraktua) sustantziaren kasua ere konplikatua da, produktu debekatuen zerrendan sartu ala ez eztabaida-iturri agortezina delako, Carlos Arribas eta Juan Jose Mateo kazetariek El Pais-en azaldu duten moduan. Fuentesek ustez Realari saldu zizkion sustantzietako bakar bat besterik ez da sartzen argi eta garbi zerrenda horretan: detektatzerik ez dagoen Igf1 delakoa, organismoak hazkunde hormonak naturalki sortzea errazten duen proteina.

Ikusiko dugu hau guztia nola amaituko den. Gaur gaurkoz ez dago froga bakar bat ere Reala dopinarekin lotzen duenik. Ezta futbolean ohiko praktika dela erakusten duen kasurik ere. Baina egunen batean azaleratuko balira, dagokion oihartzuna eman beharko litzaioke (kazetarien aldetik), eta neurriak hartu (estamentu ofizial, talde eta medikuen aldetik), futbolak zein indar duen guztiok dakigun arren.

Artikulu hau Jon Tornerren Slump doktorearen zaintiratua blogean argitaratu da. Komikia, kirola eta kontu ez hain serio gehiago topatuko duzu bertan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Dopina
Dopinaren Mundu Agentziak lau urterako kanporatu du Errusia nazioarteko lehiaketetatik

Dopinaren Aurkako Munduko Agentziak ebatzi du Errusiak galarazita duela mundu mailako lehiaketetan parte hartzea. 2020ko Olinpiar Jokoetatik kanpo geratu da, besteak beste.


2017-12-15 | Jon Torner Zabala
Froomen positiboa eta 'Euskadi' izena nork eramango lehia... edo ziklismoak zenbat gogaitzen nauen

Realak azken partida galdu ostean –Malagaren aurkakoa– Whatsapp mezua jaso nuen, J.B. Toshack entrenatzaile ohiaren esaldi batekin: “Astelehenetan hamar jokalari aldatuko ditudala pentsatzen dut, astearteetan zazpi edo zortzi, ostegunetan lau, ostiraletan bi,... [+]


Eguneraketa berriak daude