Gasteizko Adurtza eta San Ignacio ikastetxeek fusionatuta hasiko dute 2026-2027 ikasturtea, baina eskola berriaren proiektua eta plangintza falta dutela salatu dute gurasoek, beraien ekarpenak noiz eta nola egin jakin nahi dutela. “Parte hartu nahi dugu, guretzat garrantzitsuak diren gaietan iritzia eman eta ekarpenak egin”.
“Laguntzeko prest gaude eta jarrera eraikitzailea dugu, hala adierazi dugu hasieratik, baina gaur gaurkoz oraindik ez dakigu familiek noiz eta nola egin ditzakegun gure ekarpenak, iritzia eman nahi dugulako garrantzitsuak iruditzen zaizkigun gaietan, hala nola euskararen gaian; eskatzen dugu informazioa, baita zeinek erabakiko duen zer jakitea”, azaldu dio ARGIAri Patxi Ibarzabal Adurtza ikastetxeko gurasoak.
Parte-hartzea ez da kezka bakarra. Bateratze prozesuak aurrera jarraitzen duen arren, eskola proiektuaren inguruko argibideak falta dituztela dio: plangintza eta kronograma, landuko diren edukiak, irizpideak, baliabideak jarriko al diren eta zein baliabide… “Bi eskola bateratzeak dakar eskola berri bat, proiektu berri bat, eta proiektu hori argitu beharko liguke Hezkuntza Sailak, ikasturte osoa igaro da dagoeneko”.
Hori guztia mahai gainean jarri dute eskola bateko eta besteko familiek, asteazken arratsalde honetan egin duten elkarretaratzean. “Proiektua zehaztu eta adostu hezkuntza komunitatearekin orain!” lelopean egin dute kontzentrazioa, ikastetxeen aurrean.
"Bi eskola bateratzeak dakar eskola berri bat, proiektu berri bat, eta proiektu hori argitu beharko liguke Hezkuntza Sailak"
Ziurgabetasun eta zalantza horiek guztiak kontatu zizkioten ARGIAri, bai Patxi Ibarzabalek berak, bai San Ignacioko guraso ordezkariek, fusioei buruzko erreportaje luze honetan. “Oraindik ikusteko dago ea Jaurlaritzak proiektu bat garatzearen aldeko apustua egingo duen, horretarako baliabideak eta moduak jarriko dituen, ala edukirik gabeko fusio hutsa den helburua; benetan da ikasleengan pentsatuz eginiko inbertsioa, ala tramite administratibo hutsa?”, zioen Ibarzabalek martxoan.
Bi ikastetxeetako familiak elkar ezagutu eta harremana sendotzeko, hartu-emana indartzen eta ekintza bateratuak prestatzen aritu dira gurasoak ikasturte honetan zehar. “Batetik, ekarpen ahalik eta gehien egiteko prozesuari, denok dugulako zer esana, eta bestetik, auzokide garen heinean harreman kohesionatuagoa lortzeko, bi eskolak banantzen dituen hesi hori apurtzen joateko”.